Balkoi eta leihoetako lore-lehiaketa

Balkoi eta leihoetako lore-lehiaketa

2021/05/24
Aurreko bost edizioek izandako arrakastaren ostean, balkoi eta leihoetako lore-lehiaketa antolatu du aurten ere Udaleko Ingurumen Batzordeak; ekainaren 25 arte dago izena emateko aukera.

Maiatza iristearekin batera, Soraluzeko Udaleko Ingurumen Batzordeak Balkoi eta Leihoetako Lore Lehiaketa antolatu du seigarren urtez jarraian.

Lehiaketa honen bitartez, leiho eta balkoiak lorez hornitzeko ohitura berreskuratzen lagundu nahi du Udalak, herriko bazterrak kolorez janztearekin batera.

Hauek dira aurtengo lehiaketaren oinarriak:

1.-  DEIALDIA

Soraluzeko Udalak Balkoi eta Leihoetako Lore Lehiaketa antolatu du 2021eko udaberrirako.

2.-  LEHIAKETAREN XEDEA

Lehiaketa honen bitartez, balkoi eta leihoak elementu bizidun bezala berreskuratzeak dituen estetika onurei beharrezko balioa eman nahi zaio.

Balkoi eta leiho apainduen atzean herritar bakoitzak kale eta fatxaden estetika hobetzeko egiten duen ekarpena dago eta honek, herritar - hiri ingurune erlazioa hobetzen du, aldi berez, bizilagunek eginiko ekarpen artistikoaz denok gozatuz.

3.-  PARTAIDEAK

Balkoi edo leihoa duten Soraluzeko etxebizitzetako jabe edo errentariak diren bizilagunek parte hartu dezakete; beti ere, apainketa elementuak oinezkoentzat edo azpiegitura berarentzat arriskutsuak ez direnean.

4.- IZEN EMATEA

Lehiaketan izena emateko, parte hartzailearen izen-abizenak eta balkoi edo leihoa identifikatzeko helbidea eman behar dira hauetako bide bat erabiliz:

- Udaletxera bertaratu.

- 943 75 30 43 zenbakira deitu.

- Izena emateko azken eguna ekainaren 25a.

5.-  LEHIAKETAREN GARAPENA

Lehiaketa ekainaren 28tik uztailaren 2ra izango da, egun hauetan epaimahaiak ikustaldi aldizkatuak egingo ditu.

Apainketan erabiliko diren elementuak partaide bakoitzaren aukerapean egongo dira eta kale, espaloi eta etxebizitzako sarrerak errespetatuz kokatuta egon beharko dira. Zintzilik edo estruktura baten gainean dauden elementuak eta haizearen eraginez erori daitezkeen apaingarriak balkoi edo leihora ondo finkatuta egon beharko dira, oinezkoen segurtasuna arriskuan jarri gabe. Beti ere, pertsona parte hartzailea izango da elementuen erorketaren ondorioz gauzatu daitezkeen kalteen arduraduna.

6.-  EPAIMAHAIA

Soraluzeko Udaleko teknikariak.

7.-  BALORAZIO IRIZPIDEAK

- Originaltasuna.

- Apainketaren kalitatea.

- Armonia eta diseinua.

- Iraunkortasuna eta jasangarritasuna.

8.- SARIAK

Lehen saria: 150 euro.

Bigarren saria: 75 euro.

Sari banaketa uztailaren 5an egingo da goizeko 11:00etan Plaza Berrian.

9.- KONPROMISOA

Lehiaketa honetan parte hartzean, oinarriak eta epaimahaiaren apelaezina izango den erabakia onartzen da. Era berean, antolatzaileei nahi beste argazki egiteko baimena ematen zaie, hauen eskubide guztiak gordez eta edozein komunikabidetan argitaratzea baimenduz. Beti ere, argazkiak gune publiko eta komunetatik aterako dira.