Autobus geltokiaren kokapena

Autobus geltokiaren kokapena

2018/11/30
Autobus geltokia lekuz aldatzeko egin den proposamenak sortu duen eztabaida dela eta, herri-galdeketa loteslea egitea erabaki du EAJ/PNV eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak.

Joan den azaroaren 22an batzar irekia deitu zuen Udalak Errabal kaleko urbanizazio lanen eta bertan aurreikusten den autobus geltokiaren kokapen berriaren inguruan aritzeko.

Batzarrera herritar ugari gerturatu zen eta autobus geltoki berriaren kokapena izan zen hizpide nagusia.

Soraluzeko Udal Gobernuak (EAJ/PNV eta PSE-EE), gaiak herritarren artean sortutako eztabaidaren aurrean, ondorengoa adieraztea nahi du:

  • Autobus geltokia kokatzeko aukera desberdinak aztertu ondoren, kokapen egokiena Baltegieta kalea dela ondorioztatu duela Udalak, eta hori izan zela bileran mahai gainean  jarri zuen proposamena, Errabal kaleak ez dituelako autobus geltoki batek behar dituen elementuak (eserlekuak, markesina...)   instalatzeko gutxieneko baldintzak betetzen.
  • Bileran eman zen eztabaida ikusita eta, kontutan hartuta, bertaratutako asko geltokia Zubi Nagusian jartzearen aldekoak zirela, Udal Gobernuak, gaiaz hausnartu ondoren, herri galdeketa, loteslea, egitea erabaki duela, herritarrek erabaki dezaten zein den geltokirik egokiena.

Herri galdeketa egiteko garaian geltokiarentzako honako 3 aukerak proposatuko direla, kokagune bakoitzaren abantaila eta desabantailak zehaztuz:

- Gaur egungo kokagunea (Errabal kalea).
- Zubi Nagusia.
- Baltegieta Kalea.

Soraluzeko Udaleko Gobernu Taldeak uste du herri-galdeketa dela hainbeste heritarrei zerbitzua ematen dien autobus geltokiaren kokalekua erabakitzeko modurik garden eta demokratikoena eta, horregatik, hitza eman nahi die hainbesteko garrantzia duen erabaki bat hartzeko garaian.

Ondorengo hilabeteetan zehaztu eta adostuko dira herri galdeketa egiteko oinarri, prozedura eta modua, ondoren, 2019ko urte hasieran, gauzatu ahal izateko.