Soraluzeko aratosteak 2022

Soraluzeko aratosteak 2022

2022/02/10
Aratosteak egitarau mugatuarekin eta egungo segurtasun-neurriekin ospatuko dira aurten Soraluzen; Udala programa lantzen ari da herriko hainbat elkarte eta kolektiborekin.

Asteartean egin zuen bilera Udaleko Kultura Batzordeak aurtengo Aratoste Jaiak antolatu ala ez erabakitzeko.

Bileran erabaki eta adostutakoaren arabera, aurten, iaz ez bezala, ospatu egingo dira aratosteak. Hala ere, egitaraua mugatua izango da, egungo segurtasun neurriei egokituta. Dagoeneko aurreratu daiteke Udalak ez duela larunbatean mozorrotzeko gairik proposatuko eta ez dela mozorro lehiaketarik antolatutuko; halaber, astearteko haurren koreografia lehiaketa ere ez da egingo.

Udaleko Kultura Batzordea lanean ari da egun horietarako zerbait antolatzeko asmoa agertu duten herriko elkarte eta kolektiboekin, denon artean egitarau bat adosteko helburuarekin.

Kultura Batzordeko lehendakari Abel Olaizolak adierazi duenez, "Aratosteak ospatzea erabaki da herritarrei jai batzuk eskaintze aldera, nahiz eta ez diren izango pandemiaren aurretik ziren modukoak. Baina nahi izan dugu, ahal den neurrian, kaleko jai-giroa berreskuratzen hasi; hori bai, une oro beharrezko neurriak beteko dituzten jarduerekin".

Antolatzaileek hurrengo egunetan emango dute antolatutako egitarauaren berri, baina dagoeneko aurreratu dute egitarau mugatua izango dela, ekintza gutxi batzuekin eta COVIDaren prebentziorako egun indarrean dauden neurriak hartuta.

Argazkia: Plaentxia.eus