Ate irekiak eta bazkidetze kanpaina Katamarran ume-txokoan
Iazko apiriletik dago martxan Katamarran ume-txokoa, 0 eta 4 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako espazio hezitzailea. Herriko txikienek aisialdirako zituzten aukera eta baliabideak aztertuta, haien beharrizanei erreparatu eta erantzuteko helburuarekin jarri zen martxan. Lokala Etxaburueta kaleko 3. zenbakian (Itxaropena jubilatuen etxearen alboan) kokatua dago, eta bertan txikienek gozatzeko moduko espazio estali eta goxo bat dago, haien adin eta ezaugarrietara egokitutako material ugarirekin.
Ireki zenetik, 37 familiak eman du izena eta gero eta gehiago dira bazkidetzen direnak.
Funtzionamendua
Esan bezala, gunea 0-4 urte bitarteko umeek erabili dezakete, beti ere heldu batekin. Urteko 365 egunetan egoten da zabalik eta erabiltzeko izen-ematea ezinbestekoa da. Izen emate kuota sinbolikoa da (10 € urteko, bakoitzaren aukeren arabera moldagarria) eta trukean lokaleko giltza bat jasotzen dute familiek.
Horretaz gain, urtean zehar familientzako hainbat ekintza ere antolatuko dira urtarriletik aurrera: ipuin-kontalaria, mural margoketa, txotxongiloak… Baita familientzako formazioa ere.
Udalaren zerbitzu bat izan arren, espazioaren kudeaketa familiek egiten dute. Lehenengo hilabeteetako ibilbidea osatuta, urte berriarekin batera oraindik ere espazioa ezagutzen ez duten familiei gonbidapena luzatu nahi zaie. Esperientzia ona izaten ari da eta azken batzarrean balorazio oso positiboa egin zuten familia erabiltzaileek. Hori horrela izanda, eta jende gehiagorengana iristeko asmoz, ate irekien bi saio egingo dira aste honetan.
Espazioa bertatik bertara ezagutzeko aukera
Barixakuan, urtarrilak 24, arratsaldeko 16:30etatik 19:00ak bitarte eta zapatuan, urtarrilak 25, goizeko 10:00etatik 13:00etara eskainiko dira Katamarran ume-txokoan ate irekien saioak. Familiek gune hezitzailea ezagutu ahal izango dute, aurrerantzean erabiltzen jarraitzeko izena eman eta giltzak eskuratu.
0 eta 4 urte bitarteko haurrak dituzten familia guztiei irekia dago Katamarran ume-txokoa eta talde eragileak guztiak animatu nahi ditu herrian sortu den estalpeko gune goxo eta hezitzailea erabiltzera.
Katamarran ume-txokoari buruzko informazioa eskuragarri jarri da hainbat hizkutzatan:
Bestelako argibiderik behar izanez gero, Katamarran ume-txokoko kudeaketaz arduratzen den talde eragilearekin harremanetan jar daiteke:
- Telefono zenbaki honetan, Whatsapp edo Telegram bidez: 676121578
- Helbide elektroniko honetara idatziz: katamarranumetxokoa@gmail.com
Erreportajea plentxia.eus atarian
plaentxia.eus herriko komunikabideak Katamarran ume-txokoko ate irekien saioari buruzko erreportajea argitaratu du bere atarian. Jarraian ikusgai: Katamarran ume-txokoa ezagutarazteko ate-irekiak.