
Asteon egin dira Haur eta Nerabeen Kontseiluen ikasturteko bigarren bilerak
Haur eta Nerabeen kontseiluak hirugarren ikasturtez martxan dira, haur eta gaztetxoen parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin.
Ekimena herriko ikastetxeekin eta guraso elkarteekin elkarlanean burutzen dihardu udalak.
Osaketa eta funtzionamendua
Kontseiluen helburua herriko haur eta gaztetxoei beraien iritzia eskatzea da eta eragiten dien guztian parte hartzeko duten eskubidea bermatzea. Kolektibo hauek zer pentsatzen duten jakin nahi du Udalak, beraien proposamenak entzun eta beraien iritzia kontuan hartzeko.
Bi kontseilu daude: Haurrena (8-11 urte) eta nerabeena (12-16 urte). Kontseilu bakoitza 12 pertsona inguruz osatuta dago eta urtean 3 aldiz biltzen da, eskola orduetan. Kontseilukideak ikastetxean aukeratzen dira, bertan parte hartzeko borondatea agertzen duten ikasleen artetik.
Otsailaren 17 eta 18an bildu dira bigarrengoz
Aste honetan zehar egin dituzte Haur eta Nerabeen Kontseiluko kideek ikasturteko bigarren bilera-saioak; kontseiluak osatzen dituzten ikasleekin batera, Alkateak, Haur eta Gazteen Saileko arduradun politikoak, Udaleko hezkuntza arduradunak eta Kukumixo Aisialdi taldeko koordinatzaileak parte hartu zuten. Hiru alderdiren bueltan garatu ziren saioak: aurreko kontseiluetan landutako mugikorren erabilerari buruzko eguneraketa, 2024ko jaien balorazioa eta 2025eko jaietarako proposamenak eta AROA euskara indarberritzeko planaren inguruko lanketa.
Aurreko kontseiluan lantzen jardun zuten mugikorren erabileraren harira, Geuria erabili zeinke eta Arnasgune eta gune arautuak, hurrenez hurren, Soraluze Jaso Burua eta Gipuzkoa Altxa Burua elkarteen ekimenen berri eman zitzaien kontseilukideei. Geuria erabili zeinke ekimenarekin, bat egiten duten herriko saltoki, taberna etabarrek pegatina berde bat izango dute atean adierazteko bertako telefonoa erabili ahal izango dutela haurrek, behar izanez gero. Arnasgune eta gune arautuak ekimenari, ostera, aurrerago helduko zaio.
Horretaz gain, iazko jaietako balorazioa eta aurtengo jaietarako proposamenak ere egin dituzte, ohiko moduan. Eta amaitzeko, Soraluzeko Udalak martxan jarritako euskara biziberritzeko plana diseinatzeko prozesuan herriko haur eta nerabeen ekarpenak jasotzeko lanketa egin zuten Elhuyarretik etorritako dinamizatzailearekin.
Maiatzean azken saioak
Kontseiluak maiatzean bilduko dira berriro, beste gai batzuei buruzko proposamenak lantzeko, udalak proposatutakoak zein haur eta gazteek ekar ditzaketenak. Besteak beste, Udal irisgarria, herriko irisgarritasun planari buruzko lanketa egitea aurreikusten da.