Armeria Eskolak laneratzeko eta gizarteratzeko programaren edizio berri bat jarri du abian, langabetuak eta enpresak hurbiltzeko
Lanera Bideratuz programaren aurreko edizioan parte hartutako kideak.

Armeria Eskolak laneratzeko eta gizarteratzeko programaren edizio berri bat jarri du abian, langabetuak eta enpresak hurbiltzeko

2022/10/18
Eusko Jaurlaritzak finantzatutako Lanera Bideratuz programaren helburua langabezian dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzea da

Soraluzeko Udaleko Osasun, Gizarte Ongizate eta Immigrazio sailak Armeria Eskola elkarteak abian jarriko duen gizarteratze eta laneratze programaren berri eman du. Lanera Bideratuz III izenarekin, programa Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak finantzatzen du. Ekimen honen helburua prestakuntza kualifikatzaileren bat egin duten eta, hala ere, langabezian dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzea da.

Era berean, parte-hartzaileei lan-merkaturako sarbidea erraztu nahi zaie, eta kontratazio-premiak dituzten inguruko enpresetara hurbildu. Halaber, pertsona horiek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte enpresek kontratatzerakoan bilatzen dituzten trebetasunak eta gaitasunak.

Programa honetan parte hartzen duten pertsonek, aktiboki landuko dituzte giltzarri diren zeharkako gaitasunak eta konpetentzia digitalak, bai eta enplegu gehienak betetzeko behar diren trebetasunak ere.

Ekimenak bi hilabeteko iraupena du (2022ko azarotik abendura) eta ondoko faseak: banakako orientazioa, taldeko lan-orientaziorako tailerra, garapen pertsonala, enpresetara hurbiltzea eta laneratzea. Doakoa da eta 16 urtetik gorako 15 langabek parte hartu ahal izango dute (lehentasuna Debabarrenan bizi direnek izango dute) eta izena emateko azken eguna azaroaren 2a da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, 943 203244 telefono zenbakira edo 722 620586 telefono zenbakira dei daiteke. Nahi duenak adaarrate@armeriaeskola.eus helbidera idatz dezake.