Amaitu dira "Ostegunetako pelikulak"
Hamar urteko ibilbide arrakastatsuaren ondoren, udaleko Kultura Batzordeak "Ostegunetako pelikulak" zikloa etetea erabaki du.
Zikloa zinema-aretoetan estreinatzen ziren pelikulak herrira ekartzeko helburuarekin jaio zen, herritarrek pelikula horiek bertan ikusi ahal izan zitzaten, alboko herrietara joan beharrik izan gabe.
Hamar urte hauetan 100 pelikulatik gora proiektatu dira, zine-aretoetan estreinatu diren pelikularik arrakastatsuenak Soraluzen ikusteko aukera izan delarik; hala nola, "Ocho apellidos vascos" (*), "Handia", "Un monstruo viene a verme", "Campeones", e.a.
(*) Hau izan zen aretora ikusle gehien eraman zituen filma, 2 saio egin ziren eta bietan agortu ziren sarrerak.
Zikloari amaiera emateko erabakiaren arrazoi nagusia telebista-plataformen hedapen azkarra da eta horrek zinearen esparruan eragin dituen aldaketak.
Herri Antzokiak ez dauka ohiko zine-aretoek duten proiekzio-sistemarik. Blu Ray edo DVD formatoan proiektatzen dira pelikulak eta proiektatzeko beharrezkoa izaten zen - Euskal Herrian ekoiztutakoen kasuan izan ezik - pelikula zine-aretoetan estreinatzen zenetik bi edo hiru hilabete igarotzea.
Orain, ordea, telebista-plataformen hedapenaren ondorioz, itxaronaldia luzatu egin da. Pelikulek denbora gehiago egiten dute zine-aretoen programazioetan eta pelikula hori Soraluzera ekartzerako denbora asko-asko igarotzen da. Hori gutxi balitz, pelikulak zine-aretoetatik zuzenean Netflix, HBO, Movistar+ eta antzeko plataformetara pasatzen dira, eta geroz eta herritar gehiagok dutenez plataforma horietarako sarbidea, zentzua galtzen du pelikulak herrira ekartzea.
Aurrerantzean, hortaz, ez da modu jarraituan pelikularik proiektatuko Herri Antzokian, nahiz eta tarteka izango den horretarako aukerarik, Euskal Herrian ekoiztutako pelikulen kasuan batez ere.