Iturburuko lorategi berriko lanak

Iturburuko lorategi berriko lanak

2019/05/24
Azken ukituen faltan, amaitu dira Iturburu pasealekuko lorategia zaharberritzeko lanak; herritarren eskaerari eta lorategiaren egoera kaskarrari erantzun nahian egin ditu Udalak lan hauek.

Ez zaie bukatzeko asko falta, azken ukitu batzuk baino ez, Iturburu pasealekuko lorategia zaharberritze aldera, Soraluzeko Udalak aurrera eraman dituen lanei.

Lorategia bere osotasunean berritu da. Batetik, bertan zeuden zuhaitzak kendu dira, horien ordez zuhaitz berriak eta era desberdinetako landareak jarri direlarik. Bestetik, ortua handitu egin da, fruitu eta barazki berriak landatuz. Azkenik, hesitu egin da ingurua, landatutako lore eta landareak babestuak egon daitezen.

Zuhaitz-mozketa

Zuhaitzak mozteko garaian lanak burutu dituzten teknikarien aholkuak jarraitu dira, bat izan delarik, zuhaitzen tamaina handiegia, erabakia hartzerakoan kontuan izan den arrazoi nagusia. Lehen zeuden zuhaitzen tamaina handiak ez zuen uzten lorategian nahikoa argi sar zedin eta horrek ezinezkoa egiten zuen landatu diren espezie berrien bideragarritasuna. Era berean, ortua handitzeko garaian ere oztopo bihurtzen ziren.

Txakurrak sartzeko debekua

Nahiz eta lorategian txakurrak sartzea beti egon den debekatuta, ohikoa da animalia hauek bertan ikustea, guzti honek eragiten dituen kalteekin, landare eta loreen apurketa, txakur-gorotzak nonahi, etab.

Udalak gogorarazi nahi du txakurrak lorategian sartzea debekatuta dagoela eta arau-hauste hauek salatu egingo direla. Bestalde, txakurren jabeei gogoratu eragin nahi die Atxuri kalean txakurrentzako parkea dagoela eta bertara joan daitezkeela txakurrak solte ibil daitezen.

Lorategiko zahar berritze lanak Zuhaitz Proiektu Naturalak enpresak egin ditu eta 8.450 euroko kostua, gehi BEZa, izan dute.