Aldaketekin hasi du ikasturtea udal liburutegiak
Uztailean erretiroa hartu zuen urte luzez liburuzain aritu den Amaia Aldai eibartarrak eta, irailaren 11az geroztik, Uxue Agirre Madariaga bergararra da liburutegi-zerbitzuaren arduraduna.
Liburuzainaren aldaketa, baina, ez da izango aurrerantzean liburutegi-zerbitzuak izango duen aldaketa bakarra, Udalak jarraipena emango baitio zerbitzua hobetze aldera udaberrian abiatu zuen prozesuari.
Aipatu prozesuaren xedea zerbitzua eraldatzea da, erabiltzaileen behar eta ezaugarrietara egokituz, eta, bide batez, zerbitzua emateko beharrezko giza baliabideak, liburuzainaren funtzioak eta lanaldia, zeintzuk diren erabakitzea.
Hori horrela, irailean ohiko egun eta orduetan zabalduko da: Astelehen, astearte, asteazken eta ostegunak (11:00-13:00 eta 16:30-19:30); Ostiralak (11:00-13:00 eta 16:00-19:00).
Eraldaketarako hausnarketa prozesuaren baitan aldaketa eta aproba ezberdinak abiatuko dira, aurrez erabiltzaileei beharrezko informazioa helaraziz beti ere.
Hauek dira gaur egun liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak:
- Liburutegiaren funtsen kontsulta euskarri desberdinetan.
- Informazio eta erreferentzia zerbitzua
- Internet zerbitzua
- Fotokopia zerbitzua
- Mailegu zerbitzua: Udal liburutegien sare informatikoan oinarrituta
- Eguneroko prentsa
- Liburutegien arteko mailegua
Horrez gain, irakurzaletasuna hauspotzeko helburuz, hainbat ekintza sustatzen ditu liburutegiak; hala nola, euskarazko irakurle klubaren dinamizazioa, haurrentzako idazlan-tailerrak edota udaleko sail ezberdinekin elkarlanean aurrera eramaten diren ipuin-kontaketa saioak, liburu aurkezpenak eta “Irakurri eta gozatu” moduko ekimenak.
Soraluzeko Udal Liburutegia
Telefonoa: 943752074
E-maila: liburutegia@soraluze.eus