6-12 urte arteko haurrei zuzendutako "Irakurketa erronka" ekimena jarri du abian Udal Liburutegiak
Egitasmo edo ekimen berria aurkeztu du egunotan herriko liburutegiak, etxeko gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzeko.
"Irakurketa erronka" dauka izena eta helburuak dira ikasleak irakurketan trebatzea, ulermena eta adierazpena hobetzea eta irakurzaletasuna zein literatur-zaletasuna sustatzea .
Plaentxi Eskola ikastetxearekin batera eramango da aurrera, bertako irakurketa-proiektuaren baitan, eta 6-12 urte arteko haurrak ditu jomugan.
Irakurketa erronkaren funtzionamendua honakoa da:
Urtarriletik ekainera bitarte, hiru gairekin lotutako hainbat irakurgai proposatuko zaizkie haurrei. Gai bat proposatzen den aldiro, irakurgaiak eskolako liburutegian egongo dira ikusgai, astebetez. Hurrengo astetik aurrera, liburuak udal liburutegira itzuliko dira eta mailegua bertan egin beharko da, ohiko moduan. Irakurgaia itzultzean, haurrak zigilua jasoko du bere irakurketa erronkako fitxan.
Proposatutako gai bakoitzeko irakurgai bana osatzen duen haurrak saria jasoko du ikasturte amaieran.