2024ko martxoaren 8rako adierazpena eta egitaraua
Hainbat jarduera
Soraluzeko Udaleko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera antolatu ditu Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, martxoaren 2tik 16ra bitarte, herritarrak kontzientziatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun osoa eta eraginkorra aldarrikatzeko eta gizarte hobea lortzeko.
Antolatutako jardueren artean Tere Guenetxearen lanen erakusketa, "Kuku, ezkutuan dauden emakumeak" haurrentzako antzezlana, "Magma Mia" bakarrizketa feminista eta Soraluzeko M8 plataformak antolatutako mobilizazioa eta ekitaldia.
Adierazpen instituzional adostua
Soraluzeko Udaleko alderdi politiko guztiek ondorengo adierazpen insituzional adostua kaleratu dute 2024ko martxoaren 8rako.
2024ko martxoaren 8rako adierazpena
Feminismoa demokraziaren berezko ezaugarria da. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean eta emakumeen herritartasun osoa lortzeko bidean aurrera eginez bakarrik lortuko dugu gure gizarteak modu duin eta bidezkoan aurrera egitea. Ezin da aurrera egin biztanleriaren erdia (emakumeak) gabe, ezta haien kontura ere. Feminismoa berdintasunezko proposamen emantzipatzailea da, eta jendarte osoari onura ekartzeaz gain; guztien ardura eta parte hartzea beharrezkoa. XXI. mendeko demokraziaren erronkarik garrantzitsuenetako bat gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunarekin eta indarkeria matxistarekin amaitzea da.
Bizitza publikoan parte hartzea eta independentzia ekonomikoa gakoak dira emakumeen ahalduntze prozesuan. Hala ere, oraindik asko dago egiteko enpleguaren eta zaintzaren arloan emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzeko. Emakumeak benetako erabakigunetan egotea, soldata-arrakala amaitzea, erabaki gabeko lan partzialekin bukatzea, amatasun baimen-duinak lortzea…
Beste behin ere, datuek ohartarazten dute asimetria sakona dagoela emakumeen eta gizonen denboraren erabileran. Eremu honetan ere aldaketa ezinbestekoa da. Egungo banaketak emakumeen garapen profesional eta formatiboaren kaltetan eragiten duelako, baita garapen pertsonalaren kaltetan ere. Denbora gutxiago prestakuntzan, ikasketetan eta enpleguan, baina baita norberaren zaintzan edo aisialdian ere. Denboraren banaketa desparekoak gertatzen jarraitzen dute eta emakumeek zaintzen ematen duten denbora horretan lan hauetatik ardurarik hartzen ez duten gizonek boterea metatzen jarraitzen dute. Hortaz, ezinbestekoa da zaintza guztion ardura eta erantzunkizuna izan dadin pausuak ematea. Zainketa-sistema sendo, eraldatzaile, komunitario eta feminista defendatzeko urrats sendoak ematea.
Berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko borrokak etengabea izan behar du, apustu politiko feminista batetik abiatuta, non berdintasun-politikek zeharkakoak izan behar duten eta gure jarduera guztiak hartu behar dituzten.
Era berean, oso ondo dakigu guraso bakarreko familiek zailtasun handiagoak dituztela (% 80 baino gehiago emakumeak dira); landa-eremuko emakumeek, baliabideak gehiago sakabanatuta eta haietara iristeko zailtasun gehiago baitituzte; desgaitasuna duten emakumeek edo migratzaileek, zaurgarritasuna areagotzen duten diskriminazio anitzak jasaten baitituzte.
Egoera guzti honen kontziente izan behar dugu eta horri erantzungo dioten politika publikoek emakumeek boteretzera ere eraman beharko lukete. Horretarako ezinbestekoa da Gobernantza Feminista aurrera eramatea. Gobernantza Feminista berdintasun politiketan historikoki kokatua izan da, Berdintasun Planen zutoinetako bat bezala eta honi Gobernu Ona esan zaio. Egiteko moduei, egiten denari baina gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa.
Garrantzia eman behar diogu publiko eta komunitarioaren arteko harremanei, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. Ezin dugu ahaztu komunitatea ez dela norbanakoen batuketa soil bat, lurralde batean bizi diren eta menderakuntza sistemak sortzen dituzten eta bizi dituzten izaki taldeen multzoa baizik. Komuna kudeatzeko erantzun-kidetasuna behar dugu beraz eta horretarako argi izan behar dugu politika bizitzaren eremu guztietan artikulatzen dela. Beraz, zeharlerrotasun erreal bat martxan jarri behar dugu. Hau da, estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz.
Azkenik, eta gure herriaren alderdi komunitarioari dagokionean, beharrezkoa deritzogu martxoaren 8a, emakumeen nazioarteko eguna, emakumeen memoria kolektiboa indartzeko baliatzea. Batez ere, aurreko belaunaldietako emakumeak eta beraien ekarpena ezagutu eta azalarazteko.
Euskal erakundeek genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeekiko historiaren ahazturak erreparatzeko eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituzte, belaunaldien arteko transmisioa bermatuz, emakumeak beren historiarekin lotuko dituena, ahalduntzeko nortasun kolektibo bat eraikitzeko
Horregatik guztiagatik, Soraluzeko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
- Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea, hala nola, Jabetze Eskolaren abiatze prozesuaren bitartez.
- Udal-eskumeneko laguntza- eta zaintza-zerbitzu publikoak indartzea.
- Zaintzari buruz Soraluzeko 3 alderdi politikook 2023ko abenduan adostutako mozioan jasotako 9 ardatzak lantzen jarraitzea.
- Emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, genealogia sortzeko.
- Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunaldien arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneak babestea, ahalduntze feministarako eta adin eta baldintza desberdinetako emakumeen aliantzarako guneak izan daitezen.
- Emakumeen ikusgarritasun soziala sustatzea ikuspegi intersekzionalaz, bereziki, adineko emakumeena, bere aniztasun osoan, eta emakumeen zahartzaroari buruz , gizartean, nagusi den irudia eraldatuz, adinean eta estereotipoetan oinarrituta.
- Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.
- Mugimendu Feministak herrian bultzatutako dinamikarekin bat egitea. Espreski, martxoaren 8an, 19:30ean Plaza Berritik abiatuko den manifestazioan eta ondoren egongo diren ekimenetan parte hartzera deituz herritarrak.