“2024ko egutegia” Kontrargiko kideez gain, herritarrek osatua

“2024ko egutegia” Kontrargiko kideez gain, herritarrek osatua

2023/07/28
Aurtengo egutegia ilustratuko duten argazkietako batzuk herritarrek ateratakoak izango dira; herritarrak parte hartzera animatu ditu udalak; irailaren 4a arte bidal daitezke argazkiak.

Badira urte batzuk Kontrargi Argazki taldeak eta Soraluzeko Udalak elkarlanean herriko egutegia kaleratzen dutela. Garai batean herriko argazkilari ezagunen argazki zaharrekin osatzen zen; besteak beste Eli Lakuesta, Biribiltxo… Azken urteotan berriz, Kontrargi Argazki taldeko kideen argazkiak izan dira protagonista eta herriko momentu nahiz leku bereziz osatua egon izan da.

Aurtengoan, egutegia herritarragoa egiteko asmoz, Kontrargi Argazki taldeko kideen argazkiez gain, herritar ezberdinen argazkiak ere protagonista izango dira. Duela urte batzuk martxan egon zen proposamen honi heldu nahi zaio berriz. Hori dela eta, herritarrak animatu nahi dira parte hartzera.

Argazkiak honako helbidera bidali beharko dira: kontrargi@hotmail.es, irailaren 4a baino lehen. Bertan jasotzen diren argazki ezberdinen artetik, 6 aukeratuko dituzte Kontrargiko kide eta Udaleko ordezkariek. Horietatik argazki bana portada eta kontraportada osatzeko erabiliko dira eta beste lau argazki aldiz, hilabete banari lotuta agertuko dira. Gainontzeko argazkiak hurrengo urteetarako gordetzeko aukera ere aztertuko da.

Argazkiak bidaltzeko irizpideak honakoak izango dira:

  • Soraluzeko une edo momenturen bati lotutako argazkia izan beharko da.
  • Soraluzeko herrian ateratako argazkia izan beharko da.
  • Argazkia horizontalean ateratakoa izan beharko da.
  • Argazkia ahalik eta kalitate onenean bidali beharko da.
  • Partehartzaile bakoitzak gehienez 2 argazki bidali ahal izango ditu.
  • Argazkiarekin batera honako datuak agertu beharko dira:
  • Izen abizenak, kontakturako telefonoa eta argazkiaren titulua.

Argazki aukeratuak zeintzuk izan diren, iraila erdialdean kaleratuko da. Ostean, 2024ko egutegia Gaztañerre azoka aurretik ipiniko da saltzen herriko komertzio ezberdinetan.