Martxan dira ikasturte honetako Haur eta Nerabeen Kontseiluak
Haur eta Nerabeen kontseiluak hirugarren ikasturtez martxan dira, haur eta gaztetxoen parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin.
Ekimena herriko ikastetxeekin eta guraso elkarteekin elkarlanean burutzen dihardu udalak.
Osaketa eta funtzionamendua
Kontseiluen helburua herriko haur eta gaztetxoei beraien iritzia eskatzea da eta eragiten dien guztian parte hartzeko duten eskubidea bermatzea. Kolektibo hauek zer pentsatzen duten jakin nahi du Udalak, beraien proposamenak entzun eta beraien iritzia kontuan hartzeko.
Bi kontseilu daude: Haurrena (8-11 urte) eta nerabeena (12-16 urte). Kontseilu bakoitza 12 pertsona inguruz osatuta dago eta urtean 3 aldiz biltzen da, eskola orduetan. Kontseilukideak ikastetxean aukeratzen dira, bertan parte hartzeko borondatea agertzen duten ikasleen artetik.
Lehen bilerak abenduan zehar
Ikasturte honetako lehen bilerak abenduaren 2an eta 5ean egin ziren eta kontseiluak osatzen dituzten ikasleekin batera, Alkateak, Haur eta Gazteen Saileko arduradun politikoak eta Udaleko hezkuntza arduradunak eta Kukumixo Aisialdi taldeko koordinatzaileak parte hartu zuten. Bi gairen bueltan aritu ziren gaztetxoak lehendabiziko bilera hauetan: Udaletxearen osaketa eta Mugikorren erabilera.
Lehenbiziko gaian, udaletxearen osaketa nolako den eta udalaren konpetentziak diren eta ez diren kontuen inguruan hitz egiten aritu ziren haur-nerabeak udaleko ordezkariekin.
Bigarren gaian berriz, mugikorren erabileraren inguruan hausnartu zuten. Soraluzen iaz sortu zen “Jaso Burua Soraluze” taldearekin eskuz esku ari da udala elkarlanean eta kontzientziazioa lantzeaz gain, haur nahiz nerabeen iritziak jaso nahi izan dira. Horrez gain, aurrera begira jarriko diren ekimenen nondik norakoak landu dira haur eta gaztetxoekin eta dinamika hauek beraien proposamenak oinarri hartuta martxan jartzea da asmoa urtarriletik aurrera.
Gai batean zein bestean proposamen ugari egin dituzte kontseiluko kideek zein beraien gelakideek (kontseiluetan landutakoa gelakideekin partekatu baita ostean, ikasle guztien iritziak kontutan hartu asmoz).
Hurrengo gitzorduak otsailean eta maiatzean
Kontseiluak otsailean eta maiatzean bilduko dira berriro, beste gai batzuei buruzko proposamenak lantzeko, udalak proposatutakoak zein haur eta gazteek ekar ditzaketenak.