Santa Ana Jaietako programazioaren aurrerapena

Santa Ana Jaietako programazioaren aurrerapena

2024/06/19
Uztailaren 24tik 27ra izango dira aurtengo Santa Ana jaiak; Udalak aurreratu duenez jaiak era herrikoi eta parte-hartzailean antolatu dira eta programazioa horren isla da.

Hilabete inguru falta da Soraluzeko Santa Ana jaietarako, uztailaren 24tik 27ra izango baitira, eta Soraluzeko Udalak zein herriko eragileek burubelarri dihardute jaiak prestatzeko lanetan.

Uztailean, jaietako programazioa etxez etxe banatuko da, urteroko moduan. Aurten, baina, bideo bidezko proposamen berritzaile baten bidez ere jasoko dute herritarrek programazioaren berri.

Dena den, uztaila heldu bitartean, udalak jaietako programazioaren zertzelada batzuk aurreratu nahi dizkie soraluzetarrei.

Partehartzea protagonista jaietan

Aurtengo programazioaren berezitasun nagusia da hura osatzeko herritarrekin egindako parte-hartze prozesuetan oinarritzen dela, hain zuzen ere: helduekin egindako balorazio eta lanketa saioak, zein galdetegia eta haur eta nerabeen kontseiluak. Era berean, saiakera egin da genero ikuspegia kontuan hartzeko, kanpotik kontratatutakoaren eta herritik sortuaren arteko oreka bilatu da eta jaiak ere euskararen arnasgune izan daitezen ahalegin berezia egin da.

Herritarren protagonismoa esanguratsua izango da aurtengo Santa Ana jaietan ere. Besteak beste aipatzekoak dira: tanborrada berreskuratzea; Santiago egunez egingo den herri bazkaria; Galtzagorrien txaranga eta Galtzagorrien gunearen bizigarritasuna; aurten batukadak lagunduta egingo den Munduko Arrozen Eguna; eskualdeko gazta dastaketa eta herriko hainbat musikari eta dantzariek ekitaldiak: Kantu jira, txistulari eta gaiteroen dianak eta Larrain Dantza herrikoia.

Haur eta nerabeen kontseiluen emaitza

Ikasturtean zehar haur eta nerabeen kontseiluetan landutako proposamenek ere tokia izango dute aurtengo jaien programazioan. 

Haurrei dagokienez, eta haien eskakizunak kontuan hartuta, Txantreako erraldoi eta kilikiak etorriko dira eta buruhandi tailerrean parte hartu ahal izango dute, haien buruhandia egin eta txistulari eta gaiteroekin kalejiran aritzeko. Horretaz gain, puzgarri parke handi batez eta Gora bihotzak musika eta dantza ikuskizunaz gozatu ahal izango dute. Gainera, aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere krosa izango da eta parte-hartzaileen adina nerabeetara hedatu da, haiek ere parte har dezaten.

Nerabeek kontseiluetan emandako iritziak ere aintzat hartu dira; hala, gaztetxoentzako tortilla lehiaketa, gaztetxoen arteko herri kirol txapelketa eta zezensuzkoa izango dituzte jaietaz gozatzeko. Gainera, PuzzleKaxako kideen eskutik logika eta trebetasun jolasak eta buru hausgarriak ere ebatzi ahal izango dituzte.

Musika, kirola eta beste

Musika izaten da jaietako protagonistetako bat, eta aurten ere punta-puntako taldeen emankizunez gozatu ahal izango dugu Plaza Zaharreko oholtza gainean. Besteak beste, Los Zopilotes Txirriaos eta Goxua'n Salsa talde nafarrak, Tapia eta Leturia Band erromeria bikotea banda formatuan, Nerea Mendia soraluzetarra kide duen Maracumbé talde kementsua eta haur eta nerabe ugarik eskatuta, Oihan Vega DJ ezaguna izango ditugu.

Festa giroan ere kirolak badu lekurik, eta horren lekuko dira urte luzez antolatzen den futbito txapelketa, jaietako motorrak berotzeko zunba saioa eta emakumeen kategoriako onenen arteko pilotxa txapelketa zein herriko klubeko kideen arteko goi mailako pilota txapelketa.

Klasikoak ere ez dira faltako, inola ere: salda eta txorizoa elkarteen eskutik, bakalao lehiaketa eta zezenak.