Kalean da euskarazko produktuen aurtengo katalogoa

Kalean da euskarazko produktuen aurtengo katalogoa

2024/11/26
Hizkuntza Politikaren Batzordearen ekimenez, %30 merkeago eros daitezke euskarazko liburu, disko, komiki, aldizkari eta jostailuak Iratxo, Arcelus eta Estankoa dendetan urtarrilaren 6ra bitarte.

Urteko garai honetan seme-alabei edo inguruan ditugun haur eta gaztetxoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria zabaltzen dihardu, egun hauetan, Soraluzeko Udalak.

Halaber, euskarazko produktuen kontsumoa bultzatze aldera, katalogoko produktuak %30eko deskontuarekin erosi ahal izango dira gaurtik urtarrilaren 6ra bitartean Arcelus, Estankoa eta Iratxo dendetan. Horretarako beharrezkoa izango da katalogoarekin batera banatu den deskontu-txartela aurkeztea.

Txartelak 0-16 urte bitarteko pertsonei zuzendutako produktuak erosteko aukera ematen du; ezingo dira helduagoentzako produktuak erosi.

Pertsona bakoitzak bono bat erabil dezake eta bono batek erosketa bat egiteko balio du. Hala ere, nahi beste produktu eros daitezke erosketa bakarrean.

Katalogoak bi bertsio ditu, paperean argitaratzen dena eta elektronikoa.

  • Katalogoaren paperezko edizioak  azken urte betean euskaraz argitaratu diren produktuen berri ematen du, adin taldeka eta atalka banatuta.
  • Katalogoaren www.katalogoa.eus webgunean, aldiz, merkatuan euskaraz aurkitu daitezkeen produktu guztiak jasotzen dira, produktuari buruzko informazio osatuarekin.

Webgunea urte osoan zehar eguneratzen da eta argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen dituen buletin elektronikora harpidetzeko formularioa eskaintzen du, baita paperezko bertsioaren PDFa deskargatzeko modua ere.

Soraluzeko Udalak katalogoaren 217 ale banatu ditu 0-12 urte arteko seme-alabak dituzten familien artean. Nolanahi ere, 12 eta 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiak udaletxetik pasa daitezke deskontu bonuen bila.