Koldobika Jauregi artista hil da, Oreka Art galerian erakusketa aurkeztu berritan
plaentxia.eus

Koldobika Jauregi artista hil da, Oreka Art galerian erakusketa aurkeztu berritan

2024/06/17
Koldobika Jauregi artista zendu da; barixakuan bertan aurkeztu zuen erakusketa Oreka Art galerian, uztailaren 31ra arte ikusgai izango dena.

Atzo, domeka, zendu zen Koldobika Jauregi artista, 64 urterekin, bihotzekoak jota. Diziplina ugari lantzen zituen artista zen Jauregi, baina eskultore gisa nabarmendu zen Euskal Herrian zein nazioartean.

Bere heriotzaren berri izan ostean, hauxe adierazi dute Soraluzeko udal ordezkariek: "atsekabe handiz jaso dugu Koldobika Jauregiren heriotzaren albistea eta bihotzez doluminak eta gure babes zintzoena helarazi nahi diegu haren senide zein lagunei. Euskal Herrian zein nazioartean ibilbide oparoa egin duen artista izan da, euskal kulturari ikuspegi sozialetik ekarpen interesgarria egin diona. Oreka Art aurkeztu berri duen erakusketa bisitatuz egin diezaiokegu omenaldi eder eta xumeena Koldobika Jauregi artista handiari".

Oreka Art galerian erakusketa aukeztu berri

Izan ere, joan den barixakuan bertan inauguratu zen Oreka Art galerian Koldobika Jauregi artistaren erakusketa, bera bertan zela, uztailaren 31ra arte ikusgai izango dena. Jauregi artista entzutetsua izaki, jende ugari hurbildu zen irekiera-ekitaldira: herritarrak, udal ordezkariak eta inguruko hainbat artista ere bai. Soraluzera ekarritako obrari buruzko azalpenak eman zituen, eta nabarmendu zuen herri txikietan ere horrelako erakusketak egitearen garrantzia.

Irekiera ekitaldira hurbildu zirenei azaldu zienez, hainbat seriez osatutako erakusketa da Oreka Arten ikusgai dagoena: lan grafikoak, grabatuak, marrazki originalak, bozeto katalogoak... dituena. Garaian garaiko obrek momentuko egoera soziala islatzen dutela adierazi zuen; beraz, garaiak aldatu ahala, errepresentazio artistikoak ere era berean aldatu direla bere ibilbidean zehar. Naturako elementuak ditu abiapuntu, harria, burdina eta urrea, esaterako, baina sinbolismoz beteta. 

Erakusketari buruz Jauregin berak emandako azalpenak plaentxia.eus atariko albiste honetan ikusgai: plaentxia.eus

Uztailaren 31ra arte egongo da Jauregiren obra bertatik bertara ikusteko aukera, astelehenetik barixakura 19:00etatik 20:00etara bitarte, Oreka Art galerian.