Ekintzaileentzako diru-laguntzak

Ekintzaileentzako diru-laguntzak

2019/02/28
Bihar, ostirala, amaitzen da Debabarreneko ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzak eskatzeko epea; enpresa-proiektu berriak sustatzea daukate helburutzat.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko diru-laguntza deialdia jarri zuen abian. Debabarrenean negozio ideia bat landu edo enpresa-proiektu berria martxan jarri nahi duten herritarrek Debegesa garapen agentziaren bitartez egin dezakete eskaera. Eskabideak aurkezteko epea ostiralean amaituko da, martxoak 1.

Diru-laguntza hauek bideratzeaz gainera, Debegesak aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei. Onartutako 23 diru-laguntza hauetatik 15 negozio ideia bat landu eta garatu nahi duten ekintzaileentzat izango dira, eta beste 8 diru-laguntza banatuko ditu Debegesak ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten.

Diru-laguntzen zenbatekoari dagokionean, negozio ideia lantzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada.

Laguntza eskatzeko interesa duten herritarrek dokumentazioa Debegesaren bulegoetan aurkeztu behar dute. Informazio gehiago eta bete beharreko eskabide-orria eskuragarri dago Debegesaren webgunean: www.debegesa.eus.

Halaber, argibide gehiago 943 82 01 10 telefonora deituz edota ekintzaile@debegesa.eus epostara idatziz eskuratu ahal izango dute interesa duten guztiek.