Estaziñoko egurrezko parkearen mantentzen lanak hasi dira

Estaziñoko egurrezko parkearen mantentzen lanak hasi dira

2024/04/12
Dagoeneko hasi da Estaziñoko egurrezko parkearen eraberritzea eta, eguraldia lagun, lanek bospasei egun inguru iraungo dute.

Herriko parke erabilienetariko bat da Estaziñoko egurrezko parkea, eta haren egoera kaxkarra kontuan izanda, eraberritze lanak jarri ditu abian udalak. Kimu Bat enpresarekin bildu da udala, parkea egin zutenekin berekin, hain zuzen ere, eta haiekin adostu dituzte hobetu eta konpondu beharrekoak. Mantentze lanak egiteaz ere Kimu Bat enpresa arduratuko da eta eguraldia lagun, eraberritzeak bospasei eguneko iraupena izango duela aurreikusten da.

Batez ere mantenu lanetan jardungo dute langileek: egurra tratatzen, falta diren tarimak osatzen eta inguruko harrixkak eta lurra atontzen. Txirristako eskailera labankorrei ere konponbidea emango zaie; izan ere, irristakorrak bilakatzen dira hezetasun egunetan. Horretaz gain, rokodromoa eta esperimentazio mahaia ere eraldatu egingo dira haurrei erakargarriagoa suerta dakien.

Eraberritze lanen kostua 7.919,5€koa izango da guztira.