Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren udazken-neguko egitaraua arrakastatsua izaten ari da; zineforum feminista izango da hurrengo hitzordua

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren udazken-neguko egitaraua arrakastatsua izaten ari da; zineforum feminista izango da hurrengo hitzordua

2025/01/21
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren udazken-neguko egitaraua arrakastatsua izaten ari da; domeka honetan, urtarrilaren 26an, izango da hurrengo hitzordua zineforum feministarekin.

2024ko apirilean abiatu zen Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskola udaberriko programaketarekin eta urrian ekin zitzaien udazken eta negurako antolatutako ekimenei. 

Antolaketan diharduen talde eragileak azaldu duenez, tailer eta jarduera guztietako izen-ematea arrakastatsua; bereziki nabarmentzekoa da joskintza, biodantza eta sendabelarren tailerrek izan duten harrera ona.

  • Joskintza tailerra izan zen abiatzen lehena, urria hasieran, eta martxora bitarte egongo da martxan: barixakuro batzen dira. Maryam Mousaif gidari duen tailerra beteta dago eta itxaron zerrendan ere hainbat emakume daude.
  • Biodantza eta Barne Ahalduntzea ikastaroak lau saio izan zituen. Bertan, Ainhitze Elizburu soraluzetarraren gidaritzapean dozena erdi emakume aritu ziren dantza eta mugimenduaren bitartez, ongizatea, osasuna eta bizipoza sustatzen.
  • Sendabelar ikastaroak sekulako arrakasta izan zuen eta ia berrogei emakumek eman zuenez izena, data berriak adostu eta bi taldetan banatu ziren. Gogotsu aritu ziren Soraluzeko emakumeeak EkoUdaltx taldeko Idurre eta Nerearen eskutik herriko sendabelarrak ezagutu eta ukenduak sortzen.

Hurrengoa, zineforum feminista

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren hurrengo ekintza domeka honetan egingo da, urtarrilaren 26an, eta irekia izango da emakume zein gizonentzat. 

Zineforum feministak emakumeei zein gizonei zuzendutako espazio bat sortzea du helburu, zinemaz begirada kritiko eta feminista batekin gozatzeko, sexu, genero, arraza, orientazio eta abarrengatik jasandako desberdintasun, diskriminazio eta indarkeriei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko leku egokia sortuz.

Zineforumaren lehen saioan, urtarrilaren 26an, domeka, 18:00etatik 20:30etara Herri Antzokian, Jaione Cambordaren O Corno (2023) filma ikusiko da eta ondoren tertulian aritzeko tartea irekiko da.

Sinopsia eta fitxa teknikoa

Illa de Arousa, 1971. Maria mariskoa biltzetik bizi da. Uhartean ere ezaguna da, emakumeei lagutnzen baitie arreta eta zaintza bereziarekin erditzen. Ustekabeko gertaera baten ondoren, ihes egin beharko du, eta bidaia arriskutsu bati ekingo dio, bizirik irauteko borrokatuko duena. Bere askatasunaren bila, Mariak Galizia eta Portugal arteko muga kontrabandisten ibilbideetako batetik zeharkatzea erabakiko du.

Zuzendaria: Jaione Camborda

Urtea: 2023

Aktoreak: Janet Novás, Siobhan Fernandes, Carla Rivas

Generoa: drama

Sariak: Donostia Zinemaldian urrezko maskorra; Goya Sarietan emakumezko aktore berri onena