Ulertu euskara 60 orduan
Zer egin euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan gabiltzala, solaskideren batek euskaraz gutxi, ia batere ez edo tutik ulertzen ez duenean? Nola gainditu, ulermen ezak edo ulermen urriak dakarren euskarazko komunikazioaren ezina?
Arazo honi irtenbidea bilatzeko sortu da Uler-saioak metodologia.
ULER-SAIOAK Aldahitz proiektuaren baitan hizkuntza-ohiturak aldatzeko garatutako metodologien hirugarren osagaia da, EUSLE eta ULERRIZKETA metodologien ostean. Pello Jauregi Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da metodologiaren garatzaile nagusia.
Metodologiaren baliagarritasuna probatzeko 10 esperientzia pilotu jarri dira martxan Euskal Herri osoan, eta horietako bat Soraluzen ari da garatzen.
Uler-saioak helburu du norbanakoek ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gaitasuna eskura dezaten, eta hala, kalean eta ingurune naturaletan euskarazko harremanetan (ele biko elkarrizketen formatuan bederen) murgiltzeko aukera izan dezaten.
Metodologia, funtsean, ingurune babestu batean garatzen da: gela batean, ordutegi baten barruan eta hizkuntza-soslai bera duten beste kide batzuekin batera. Bertan, trebatzaile batek euskarazko input ulergarri ugari ematen die kideei. Trebatzaileak, euskara erraza eta sinplea erabiliz, komunikazio-jarduerak bideratzen ditu, eta etengabe egiaztatzen du jasotzaileek ulertutakoa.
Ez du metodologiak zuzenean garatzen euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Ez die norbanakoei euskaraz egiteko eskatzen. Ulermena da foku bakarra, eta ondorioz norbanakoei dagokie etengabe egiaztatzea trebatzaileari ulertu diotena.
Uler-saioak metodologiak 60 orduko prozesu edo diseinu bat proposatzen du denbora tarte horretan norbanakoek A1 mailako ulermena eskura dezaten.