
Soraluzeko Tokiko Energia Komunitatea martxan jartzearen ospakizuna, gaur arratsaldean
Urtebete pasatxoko eratze prozesuaren ostean, Soraluzeko Tokiko Energia Komunitatea martxan da jada. Jardueraren hasiera ospatzeko ekitaldia egingo da gaur, martxoak 10, astelehena, arratsaldeko 18:30ean Herri Antzokian eta komunitateko kideak daude bertara gonbidatuta.
Ekitaldian hitza hartuko dute José Ignacio Asensio Jasangarritasun Foru Diputatuak eta Unai Larreategi Soraluzeko alkateak; horretaz gain, dron bidez grabatutako bideo labur bat ere emango da, Soraluzeko instalazio fotovoltaikoak erakusten dituena.
Ingurumenean inpaktu positiboa
Soraluzeko Tokiko Energia Komunitatea energia garbien erabilera sustatzeko sortu da, hainbat udal-eraikinetan eguzki-plakak jarriz: Plaentxi Herri Ikastetxea, Ezoziko futbol-zelaia eta San Andres frontoia. Horri esker, CO2 emisioak 848 tonatan murriztea espero da 25 urtean, hau da, 3.392 zuhaitz landatzearen baliokidea. Gainera, sortutako energiak zuzenean egingo die mesede Soraluzeko 204 etxeri eta saltoki txikiri, eta elektrizitate-iturri jasangarriagoa eta efizienteagoa emango die.
Soraluzetarren parte-hartzea eta ingurugiroarekiko konpromisoa funtsezkoak izan dira komunitate osoari mesede egiten dioten proiektuetan inplikatuz.
Erakundeen babesa
Soraluzeko Tokiko Energia Komunitateak erakundeen babes zabala jaso du; izan ere, aipatutako instalazio fotovoltaikoak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentutik 225.795,08 euroko laguntza jaso du eta Soraluzeko Udalak instalazioak egiteko estalkiak laga ditu.