Soraluzeko Udalak aurtengo Santiago eta Santa Ana jaien balorazio positiboa egin du
Santiago eta Santa Ana jaiek agur esan dute datorren urtera arte. Aurrekoetan moduan, kanoikadak eman zien ostiralean hasiera jaiei, osasun arloko profesionalen pregoiarekin, zubia jendez gainezka zegoela. Bost egun izan dira guztira, ostiralean hasi eta asteartera arte. Jende dezente ibili da kalean, egun batzuetan besteetan baino gehiago, hala ere; larunbata izan zen jende gehien elkartu zuen eguna, gazte jendea batez ere, inguruko herrietatik etorritakoa.
Egitarau zabala, espektatiba asea
Programatutako ekitaldi ugariek ase dute bai jendearen espektatiba. Izan ere, ikuskizun politak, anitzak eta kalitatezkoak izan dira, herritarren esanetan. Haurrek protagonismo berezia izan dute eta Iruñeko erraldoi eta buruhandiek, krosak, pailazoek, Kantu Kolore taldeak, egurrezko jolas-parkeak, puzgarriek, apar festak... gozatzeko une ugari eman dituzte.
Kaleak girotzeaz, aldiz, Galtzagorriak txaranga, herriko txistulari eta gaiteroak, mariatxiak eta urrats taldeko dantzariak arduratu dira, eta nola alaitu gainera. Gauez ere ikuskizun politez eta jendetsuez gozatzeko beta izan da: Demode Quartet talde euskaldunaren kontzertua, Oihan Vega Dja, México lindo, si señor mariatxia eta London orkestra. Azken emanaldi honetan jende gutxitxo elkartu bazen ere.
Bertso-saioa zen aurten nobedadeetako bat, eta geratzeko etorri dela dirudi, bertsozaleek ezin hobeto erantzun zuten-eta. Galtzagorri Jai Batzordeak kudeatzen duen Zubi Nagusiko gunea ere lepo egon da, eguna joan eta eguna etorri, Caribe Mix herriko taldearen kontzertuan bildutako jendetza izan da horren adibide.
Jana eta edana ere ez da falta izan: salda eta txorizoa goizero, bakailaoa, eskualdeko gaztaiak eta munduko txoko ezberdinetako arroza.
Erregetxeko “lapiko”-rako fitxen dirua bueltatu egingo du Soraluzeko Udalak
Erregetxeko atrakzio- edo barraka-gunean kokatutako atrakzioetako batek, lapikoak, jaiak amaitu aurretik irten behar izan zuen. Soraluzeko Udalak jakinarazi nahi die atrakzio horretarako fitxak zeuzkaten herritarrei udaletxeko harrera bulegoan bueltatu ahal izango dituztela fitxak, eta dirua berreskuratu.