XVIII. San Blas Opilen Lehiaketa astelehenean, otsailak 3, egingo da

XVIII. San Blas Opilen Lehiaketa astelehenean, otsailak 3, egingo da

2025/01/29
Azken urteotako ohiturari jarraituz, San Blas Opilen Lehiaketaren XVIII. edizioa antolatu du Udaleko Kultura Batzordeak otsailaren 3rako; lehiaketa eguerdiko 12:00etan hasiko da, Plaza Berrian.

Hamazazpi urte dira dagoeneko lehiaketa lehen aldiz antolatu zela, eta aurtengoan ere San Blas opilen lehiaketa antolatu du Udaleko Kultura Batzordeak, herriko opilik onenak saritzeko eta San Blas egunean opilak egiteko ohitura galdu ez dadin.

Lehiaketa eguerdiko 12:00etan egingo da, Plaza Barrixan. Edonork parte hartu ahal izango du; 16 urtez azpikoei dagokienez, heldu batek lagunduta parte hartu beharko dute.

Izen-ematea udaletxeko Harrera Bulegoan egin daiteke, urtarrilaren 31ra arte edota egunean bertan, Plaza Barrixan, 11:30etatik 12:00ak arte.

Hiru sari banatuko dira:

  • 1. saria: 50 euro.
  • 2. saria: 30 euro.
  • 3. saria: 20 euro.

San Blas opilen bedeinkapena

Herrian hainbat dira San Blas opilak bedeinkatzeko ohitura duten soraluzetarrak. Soraluzeko talde parrokialak antolatuta, aurtengo bedeinkapena goizeko 11:30ean egingo da Andre Mariaren Jasokundearen elizan.

San Blas jaia

Otsailaren 3an ospatzen den jai tradizional eta erlijiosoa da, Euskal Herrian, Espainian eta Hego Amerikako zenbait herrialdetan zabaldurik dagoena.

San Blas III. mendeko kristau martiri bat izan zen, gotzaina eta medikua. Haur baten eztarriko gaitza mirariz sendatu omen zuela eta, eztarrien zaindaritzat hartzen da kristau tradizioan.

Hainbat tokitan ohikoak dira San Blaseko kordoiak, santuaren irudiaren aurrean bedeinkatu eta lepoan bederatzi egunez jantzi(otsailaren 3a barne), eta gero kendu eta erre egiten direnak, urte osoa eztarriko gaitzak, eztulak, katarroak eta eztarriko edozein infekzio prebenitu egiten dituztelakoan.

Eibar, Elgoibar eta Soraluzen, aldiz, arrautza, irin, azukre, koipe eta legamiz egindako San Blas opil zoragarriak prestatzea eta jatea da ohitura. Tradizioak agintzen duenez, eztarriko mina kenduko badu, beharrezkoa da jan aurretik opila bedeinkatzea.