Poltsa konpostagarrien erabilera gora
Debabarrenean, hondakin organikoak biltzeko bosgarren edukiontzia martxan jarri zenetik, apustua poltsa konpostagarriak doan ematea izan da, batez ere janari-hondakinak bereizi eta birziklatu ahal izateko. Hasiera batean, poltsak udalerrietako udaletxeetan banatzen ziren eta, geroago, poltsak eskuratzeko makinak jarri ziren martxan.
Poltsa-sorta bakoitzak 37 poltsa unitate ditu eta erabiltzaile bakoitzak lau astean behin har dezake poltsa-sorta bat makinatik. Horrek esan nahi du bizikidetza-unitate bakoitzak eguneko poltsa bat baino gehiago duela hondakin organikoetarako edo janari-hondakinetarako, eta kopuru hori nahikoa da ikuspuntu teknikotik.
Gorakada poltsa konpostagarrien kontsumoan eta erabilera desegokia 2021ean
2019an eta 2020an, batez beste, 7.500 poltsa-sorta kontsumitzen ziren hilero eskualde osoan. 2021eko lehen hiruhilekoan, kontsumoa %20 handitu da, eta hilean 9.000 sorta kontsumitu dira.
Gainera, antzeman da, ezohiko moduan, poltsa konposatagarriak agertu direla edukiontzi horian eta grisean. Poltsen erabilera desegoki horrek eragina izan du poltsa konpostagarrien kontsumoaren gorakadan, eta ondorioz, hauek erosteko Mankomunitateak egiten duen gastuan, kontuan hartuta poltsa konpostagarrietan urteko gastua 110.000 eurotik gorakoa dela.
Mankomunitateak gogorarazten du poltsa konpostagarriak edukiontzi marroira hondakin organikoak botatzeko baino ez direla, eta ezin direla erabili beste hondakin mota batzuetarako.
4.218.000 poltsa datozen urteetarako
Azken urtean, 111.019 euro erabili dira poltsa konpostagarriak erosteko. Gaur egun, Mankomunitateak zabalik du datozen bi urteetarako 4.218.000 poltsa erosteko kontratazio prozesua.
Datozen urteetarako poltsa konpostagarrien hornidura bermatzeko egingo da erosketa, betiere arrazoizko erabilera arduratsua egiten badugu, hori funtsezkoa baita poltsak doako emateko egungo filosofiarekin jarraitzeko.