Institutuko frontoia zabalik

Institutuko frontoia zabalik

2022/05/06
Institutuko frontoi estali berria herritarrek erabil dezaten zabalduko da ostiral eta larunbatetan; hitzarmena sinatu dute aste honetan institutuak eta Soraluzeko Udalak.

Udaleko Haurren eta Gazteen Batzordeak herriko haur eta nerabeekin aurrera eramandako parte-hartze prozesuaren barruan, hainbat eskaera egin zituzten hauek, institutuko frontoi berria asteburuetan erabiltzeko aukera izatea, besteak beste.

Frontoiaren jabea Hezkuntza Saila denez, berau zabaltzeko baimena institutuko zuzendaritzarekin adostu behar izan du Udalak eta hitzarmen batean jaso dituzte alde bien konpromisoak.

Udala arduratuko da frontoia zabaldu eta ixteaz, bai eta garbiketaz ere. Halaber, udalak ordainduko du bertan gerta daitekeen edozein apurketa eta kalte.

Asteburu honetan zabalduko da frontoia lehen aldiz, ondorengo ordutegiarekin:

  • Ostiralak: 16:00-20:00
  • Larunbatak: 10:00-19:00

Hasiera batean, udako oporrak bitartean egongo da zabalik eta, ondoren, berriro bilduko dira udala eta institutua. Erabilera egokia izan bada, udan ere zabalik mantenduko da, astebarruan eta asteburuetan.

Hitzarmenak jasotzen duenez, udara arteko proba pilotua egingo da, eta zesioa luzatzeko aukera aztertuko da ondoren, heritarrek frontoiaren erabilera egokia baldin bada.

Haurren eta Gazteen Departamentuko arduradun Patricia Borinagak adierazi duenez, "aurrerantzean jolasteko espazio estali berria izango dute erabilgarri herriko haur eta gazteek. Beraien esku dago frontoia zabalik mantentzeko aukera. Izan ere, udalak ikusiko balu erabilera ez dela egokia, eta pintadaren bat edo apurketaren bat gertatuko balitz, itxi egingo litzateke berehala".