Etxaburuetako ur-txorroten jolasgunearen proiektua lizitaziora

Etxaburuetako ur-txorroten jolasgunearen proiektua lizitaziora

2023/03/29
Soraluzeko Udalak lizitaziora atera ditu Etxaburueta kalean ur-txorroten jolasgunea eraikitzeko lanak; lan hauek hiru hilabeteko iraupena izango dute eta 149.850,01 euroko aurrekontua.

Atzo eman zitzaion hasiera, Euskadiko kontratazio publikoko plataforman argitaratuta, Etxaburueta kaleko 7. zenbakian ur-txorroten jolasgunea eraikitzeko kontratazio-espedienteari.

Etxaburuetako orubea birgaitzeko asmoz eta, herritarrentzako aisialdi gune berria egokitzeko helburuarekin, Udalak jolasgune berria egiteko proiektua jarri du abian.

Udalerriaren erdigunean dagoen espazio horren birmoldaketa Udalak 2021. urtean herriko haur eta nerabeekin egindako parte-hartze prozesuan egindako eskaeretako bat izan zen.

Jolasguneak hainbat ur-txorrota instalatzea aurreikusten du, baita inguruan jarrita egoteko eserlekuak ere.

Lanen iraupena hiru hilabetekoa izango da eta lizitazioaren aurrekontua 149.850,01 eurokoa da, gehi BEZ-a.

Kontratuaren xehetasunak Euskadiko kontratazio publikoko plataforman aurki daitezke ondorengo loturan: https://www.contratacion.euskadi.eus/kontratazio_iragarkia/soraluzeko-etxaburueta-kalea-7an-sakonerarik-gabeko-ur-parke-bat-eraikitzeko-obrak/webkpe00-kpeperfi/eu/