Soraluzeko udal taldeek ohar bateratua argitaratu dute Merlin proiektuaz
Merlin proiektuak ibaiak biziberritzea dauka helburu moduan eta Deba ibaiko presa txikiak botatzea proposatu du, ibaiko uraren fluxu naturala eta arrainen migrazioa errazteko.
Hau da EH BILDU, EAj/PNV eta PSE-PSOE alderdiek publiko egin duten agiriaren testua:
"Urtebete pasa da Merlin proiektuaren berri izan genuenetik. Hainbat informazio hitzaldi, aldeko eta kontrako iritziak, erreferendum bat eskatzeko sinadura bilketak... egin dira denbora honetan. Herritarrek proiektuarekiko duten interesaren erakusgarri izan dira guztiak.
Hilabete guzti hauetan egin den lanketaren inguruan iritzi ezberdina daukagu udaletxean ordezkaritza dugun alderdiok. Desadostasunak izan ditugu bide horretan; baina urte berriarekin batera, gure arteko ika-mikak alde batera utzi eta erantzunkizunez pausoak elkarrekin ematea adostu genuen.
Asteetako lanketaren ondorioz, udalean ordezkaritza dugun alderdi guztien artean bideorri bat adostea lortu dugu. Orain bi aste Gure Deba Ibaia taldekoekin eginiko bileran ere komentatu genizkien gaur aurkezten dugun planteamenduaren zertzelada nagusiak.
Ondorengoak dira adostutako bideorriak jasotzen dituen puntuak:
Gaur egun daukagun informazioa osatu.
Alde batetik URA agentziari eskatu zaio Soraluzeko uholde arriskuaz berariazko txosten bat egiteko. Soraluzen presak jaitsi beharraz aspalditik dabil hizketan Ura Agentzia, ez du beraz Merlinek sortu eztabaida hau. Txosten horretan, uholde arriskuak ekiditeko beraien ustez ibaian egin beharreko aktuazioak zehatz jasotzea eskatu diegu. Beraiena da ibaiaren inguruko eskuduntza; beraz, beraiei dagokie argi azaltzea bai zergatiak eta baita aktuazio proposamenak ere.
Beste alde batetik, Aranzadi Zientzi Elkarteari eskatu zaio lan arkeologiko bat egiteko. Presek daukaten kultur balioa aztertu eta txosten baten jasotzeko.
Informazio hau herritarrekin partekatu.
Informazio hau esku artean izan bezain pronto herritarrekin partekatzeko faseari ekingo diogu, beharrezko diren medioak erabiliko direlarik horretarako.
Informazioa partekatu ostean, Merlin proiektuan planteatzen diren aktuazioak analizatuko genituzke eta Ura Agentziak eta Aranzadi Zientzia Elkartearen txostenarekin alderatu. Fase honetan, Merlin proiektua bultzatzen diharduten EHU-UPVko Ekologia Departamentua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Obra hidraulikoetako Departamentua ere egongo lirateke.
Merlinekin aurrera egin edo ez erabakia.
Lanketa hori eginda, erabakiko litzateke Merlinekin aurrera jo edo ez, biodibertsitatean, patrimonioan, uholde arriskuan... egongo liratekeen onura eta galerak ahalik eta objetiboen baloratuz. Diputaziotik esan digute 2023ko udazkenera arte egongo dela erabakia hartzeko aukera. Data zehatzago jakinarazten digutenean parte hartze prozesuaren timing-a itxiko genuke. Data horretarako erabakirik hartu ezean, Merlin proiektua bertan behera geratuko litzateke. Baina ez dugu egoera hori kontenplatzen, herri eta udal bezala gai izan behar gara herriarentzat egokiena den erabakia garaiz hartzeko. Zergatik diogu hau? Ba, Merlin ez delako kanpotik datorren inposaketa bat, baizik eta Soraluzetarroi eskaintzen zaigun aukera bat. Gure esku egongo da proiektuarekin aurrera egin edo bertan behera uztea erabakitzea. Baina erabaki hori hartzeko baldintza egokiak sortu behar dira bai herritar zein zinegotzientzat.
Prozesua garatzen den bitartean, Merlin proiektuaren inguruko erabakirik ez du hartuko udalbatzak.
Erabakia modu egokian hartzeko lehen baldintza da denok, bai udal ordezkariok eta herritarrok, ondo informatuta egotea eta horixe da egingo duguna. Informatu ostean, denen iritziak eta argudioak entzun eta erabakia baldintza egokietan hartzeko moduan izango gara".
EH BILDU, EAJ/PNV eta PSE-PSOE