Dolmenen Ibilbideari buruzko hitzaldia
Soraluzeko Udalak eta Debegesa garapen agentziak antolatuta, “Dolmenen Ibilbidea: historiaurrean zehar ibilaldia” hitzaldia emango dute Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak, Fernando Bazeta EHUko zaharberritzaileak, Ibon Telleria EHUko arkitektoak eta Mikel Aguirre UNEDeko arkeologoak otsailaren 8an, ostirala, Udaletxeko Pleno Aretoan.
Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa zein pasaia-balioa ezagutaraztea eta joan den udazkenean bertan egin ziren lanen berri ematea du helburu ekimenak.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da hitzaldia eta sarrera irekia izango da.
Balio kultural eta arkeologiko handia duen ibilbidea
Dolmenen Ibilbideak balio kultural eta arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Gizataldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
2012. urteaz geroztik, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalak Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua ari dira sustatzen, Debegesa garapen agentziarekin eta Debemenekin (Debabarreneko Landa Garapeneko Elkartea) elkarlanean.
Azken hilabeteetan egindako lanen artean nabarmentzekoak dira Kerexetaegia Hegokoa trikuharriaren berreraikitzea eta Irukurutzetako trikuharrian hasitako indusketa lanak.