Erakusketa berria inauguratu du Oreka Art galeriak
Begirada bat atzera, pausu bat aurrera izeneko erakusketa dago ikusgai ostiralaz geroztik eta hilaren 31ra arte Soraluzeko Oreka Art galerian.
Atzerriko eta bertako margolari ezagunen margolanek osatzen dute erakusketa: Picasso, Montalvan, Chillida, Simon Arrieta, Azkargorta, Beorlegi, Keixeta, Zumeta...
Neurri eta estilo askotako margolanak, grabatuak eta bozetoak ikus daitezke bertan. Horietako batzuk galeriaren arduradun den Alberto Ramirezen kolekziokoak dira eta artistek edo kolekzionisten lagatakoak beste batzuk.
Artea eta artistak omentzea da Ramirezen helburua: "Maisu handiei eta galerian gonbidatu izan ditudan artistei egindako omenaldia da. Arteari egindako omenaldia", azaldu du Ramirezek.
Erakusketa barixaku iluntzean inauguratu zen eta hilaren amaierara arte izango da zabalik, astegunetan, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara bitartean.