Zapatuan, ospakizun ugari herrian
plaentxia.eus

Zapatuan, ospakizun ugari herrian

2024/06/13
Datorren zapatuan, ekainak 15, ospakizun ugari egongo dira herrian: errugbi eguna, Atxolin IGEren ikasturte amaierako jaia eta Sour jaialdia.

Zapatuan herriko hainbat eragilek ospakizunak izango dituzte, eta denetan udala laguntzaile izango da: SoraGazteak Rugby Klubaren errugbi eguna, Atxolin guraso elkarteak antolatutako ur-parkea ikasturte amaierako jairako eta Sour jaialdi erraldoia. Kirola, aisialdia eta musika, gustu eta adin guztietarako eskaintza izango da.

Errugbi Eguna

SoraGazteak Rugby Klubak bosgarrenez ospatuko du Errugbi Eguna zapatuan.

Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Asturiastik etorritako hamar taldek eta 8 eta 12 urte arteko 180 neska-mutikok parte hartuko du topaketan. 10:00etatik 14:00etara bitarte jardungo dute errugbian Ezoziko zelaian; partidez gain, musikak eta jolasek ere girotuko dute eguna.

Atxolinen ikasturte amaierako jaia

Atxolin guraso elkarteak antolatuta, ikasturte amaierako jaia ospatuko dute Plaentxi Eskolako neska-mutilek.

Ur-parkea, henna tatuajeak, apar-festa eta Kukumixok eskainitako jolasak eta askoz gehiago egongo dira goiz zein arratsalde Erregetxean. Antolatzaileek gomendatzen dute umeek uretan hotzik ez pasatzeko prest etortzea, neoprenoarekin eta toallarekin.

Udaltzainek ohartarazi dute, zapatu goizeko 7:30etarako Erregetxea autoz hustu beharko da.

Sour jaialdia

Gunemusik Soraluzeko eragileak Soraluze urban musika jaialdia antolatu dute zapaturako, Kiroldegiko terrazan.

Sarrerak aurrez zein egunean bertan eskuratu ahal izango dira; aurresalmentan eskuratuz gero 15 euro balioko ditu eta gaur izango da erosteko azken eguna, Gilan edo Edurtzan. Egunean bertan, ostera, 20 euroren truke lortu ahal izango dira sarrerak.

Ateak eguardiko 12:00etan irekiko dira, eta musika-jaialdia goizaldeko 4:00rak arte luzatuko da. Jaialdiaren eremuan janari-gunea eta barra egongo dira

Antolatzaileek ohartarazi nahi dute 16 urtetik beherakoak heldu batekin sartu ahal izango direla. Horretaz gain, antolatzaileek Udaleko Berdintasun sailarekin batera erasoen aurkako protokoloa landu dute.

Hauexek izango dira entzun ahal izango diren kontzertuak:

  • Txapelpunk
  • Kulto Kultibo
  • Mugan
  • XSakara
  • Fly Shit
  • Blind 09
  • Painapple
  • ...