Atxolin eta Katamarran guraso elkarteek martxan jarritako guraso-eskolan plazak daude oraindik
NereaMendizabal

Atxolin eta Katamarran guraso elkarteek martxan jarritako guraso-eskolan plazak daude oraindik

2024/12/13
Atxolin eta Katamarran guraso elkarteen ekimenez, Guraso Eskola iraunkor bat jarri da martxan 2024-2025 ikasturtean; oraindik bost leku daude, urtarriletik aurrera hasteko.

Guraso Eskola berriaren probako lehen ikasturtea da aurtengoa, 2024-2025 ikasturtea, hain zuzen ere. Edozein adineko seme-alabak dituzten gurasoek parte hartu dezakete eta komunikazio ez-bortitzaren printzipioak ikastea du xede: seme-alabekin modu sakonagoan konektatzea, gatazkak modu baketsuan eta eraikitzailean konpontzea eta familia-lotura eta -giro harmoniatsuagoa lortzea.

Nerea Mendizabal hezitzaile eta psikopedagogoa, komunikazio ez-bortitzean aditua, da Guraso Eskola bideratzen diharduena. 2023-2024 ikasturtean ere izan zen Nerea Mendizabal Soraluzen, Treba gurasoak ekimenaren baitan gurasoentzako Harreman osasuntsuak lagun artean hitzaldia ematen.

Lanketarako gaiak eta metodologia

Aurrez esan bezala, komunikazio ez-bortitza dute parte-hartzaileek ikasgai, eta ondorengo korapiloak nola askatu lantzen ari dira:

  • Nola mantendu autoritatea, autoritario izan gabe
  • Nola hitz egin gure seme-alabei entzun gaitzaten
  • Nola entzun hitz egin dezaten
  • Nola jokatu gure seme-alabek gustatzen ez zaigun zerbait esan edo egiten dutenean
  • Nola lagundu arazo bat dutenean
  • Nola jokatu haien jokabidea onartzen ez dugunean eta ez dutenean gutaz ezer jakin nahi
  • Nola jokatu gure seme-alabak elkarren artean haserretu edo borrokatzen direnean

Gidalerroak izango dira horiek, baina gurasoek ekartzen dituzten gai edo egoeretara egokitzen dira saioak, landu nahi diren eduki eta ariketak beraientzat esanguratsuak izan daitezen.

Izen-ematea eta prezioa

Dagoeneko Guraso Eskolaren 2024-2025 ikasturtea martxan dagoen arren, oraindik bost leku daude urtarriletik aurrera taldean bildu nahi duten gurasoentzat. Izena emateko ondorengo galdetegia beteta egin behar da: izen-ematea. Ordainketa ere izen-ematearekin batera egin beharko da.

Prezioa 50 euro izango da Atxolin eta Katamarren guraso elkarteetako kideentzat; gainerakoentzat, ostera, 60 euro. Epeka ordaintzeko aukera izango da atxolinige@gmail.com helbidera idatzita. 

Informazio gehiago

Informazio gehiago behar izanez gero, antolatzaileek prestatutako dokumentua kontsulta daiteke ondorengo loturan: Guraso Eskola.