
Giro ona eta herri-partaidetza nagusi Aratosteetan
Euskal Aratosteekin eman zitzaion hasiera barixakuan inauterietako ospakizunei. Herriko hainbat eragilek elkar hartuta lantzen dute Euskal Aratosteak herri proiektua azken urteotan, eta aurten ere halaxe izan da. Arratsaldeko lehen orduan, kalejira egin zuten herrigunean zehar eta jarraian, dantza-erakustaldia Zubi Nagusian. Ondoren, festari kalean eman zitzaion jarraipena erraldoi eta herri dantzekin.
Zapatuan herria mozorroz jantzi eta kolorez bete zen Marrazki bizidunak gaiarekin lotuta; argi geratu zen soraluzetarrek umore ona eta irudimena sobera dutela. Aratosteetako ospakizunekin amaitzeko, atzo, martitzena, herriko haur eta gaztetxoek gurasoen laguntzaz prestatutako dantza bikainak eskaini zituzten kiroldegian egindako erakustaldian. Talentuz blai daude soraluzetarrak, ez dago dudarik.
Mozorro-lehiaketako saridunak
Zapatuko mozorro-lehiaketari dagokionez, sekulako maila erakutsi zuten herritarrek, epaileek ez zuten lan makala izan. 26 taldek eman zuten izena lehiaketan; hortik hiru sari banatu zituen epaimahaiak eta beste bat herritarrek erabaki zuten:
- Herritarren saria: Raili eta bere emozioak
- Hirugarren saria: Doremiren magia
- Bigarren saria: Bazen behin bizitza... bada taupada!
- Irabazlea: Daltontarrak eta Lucky Luck
Udalak bihotzez eskertu nahi ditu soraluzetarrak egunok kolorez eta umorez zipriztindu izanagaitik, eta baita antolatzaile nahiz epaile lanetan aritu direnak ere, ederrak izan dira Aratosteak.