Asteazken goizerako ohiko egoerara itzuliko da Atxuri
Luiziaren ondoriozko garbiketak eginda eta babeserako pareta berria eraikita; bihar goizerako errepidea irekita egongo da eta trafiko aldaketa guztiak bertan behera geldituko dira.
Martxoaren 15eko gauean gertatu zen luizia Atxuri kaleko 11-13 zenbakien artean. Ordutik errepidea itxita egon da eta trafikoa goiko pasabidetik bideratu da semaforo bitartez.
Azken egunotan, lur jausia batzearekin batera; babeserako pareta berri bat eraikitzen aritu dira. Gaur arratsaldean amaituko dituzte horma eraikitzeko lanak eta beraz, asteazken goizerako irekita egongo da errepidea ibilgailu guztientzat. Hori horrela ohiko egoerara itzuliko da trafikoa Soraluzen eta autobusen geralekuak ere ohikoak izango dira bihartik aurrera.
Behin horma amaituta, datozen asteetan baloratuko dute adituek, gainekaldean bestelako eskuhartzerik egin behar den. Horrez gain, luiziaren eraginez errepidea itxita egon delarik, inguruak garbitzeko baliatu da eta Atxuri parkeko nahiz inguruetako sasi eta belarrak ere moztu dira.
Soraluzeko udalak egoera honen aurrean eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, erakutsi duten ulerkortasunagatik.