Memoria historikoa berreskuratzea
Soraluzeko Bizikidetza Mahaia 2016. urtean sortu zen, bakea, bizikidetza eta memoria sustatzeko helburuarekin. Bertan, herriko alderdi politiko guztietako ordezkariek hartzen dute parte, elkarrizketa eta hausnarketa erabiliz adostasunak landu eta ekimen ezberdinak martxan jarriz, Baketik Fundazioaren laguntzarekin.
Bizikidetza Mahaiak, bakea, giza eskubideen kultura eta bizikidetza sustatzeko duen zeregina betez, Gerra Zibilaz geroztik herrian jazotako giza eskubideen urraketak ikertzea erabaki du, mahaia osatzen duten alderdi politiko guztien adostasunarekin, biktimei merezi duten egia, justizia eta erreparazioa emate aldera.
Ikerketa Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzenduko du eta bi zati izango ditu: oroimen historikoa eta gertuko oroimena. Oroimen historikoaren esparruan, 1936 eta 1959 bitartean gertatutakoa eta biktimak ikertuko dira, hau da, gerraren eta diktaduraren lehen bi hamarkadetako biktimak. Gertuko oroimenak, bestalde, 1960tik gaur egun arteko garaia hartzen du. Beraz, hiru garai politiko ezberdinetan gertatzen da: diktadura, trantsizioa eta demokrazia. Bi ikerketa hauek, batera egingo dira, horretarako hainbat artxibotan ikertuz: tokikoak, probintzialak, estatalak eta militarrak, besteak beste.
Nolanahi ere den, proiektu hau ondo atera dadin, ezinbestekoa izango da herritarren laguntza, beren testigantzak, argazkiak eta oroitzapenak helaraziz.
Herritarrek ekarpen horiek egin ditzaten hainbat bide zabaldu dira:
- Helbide elektroniko bat (memoria@aranzadi.eus).
- Telefono zenbaki bat (943466142).
- Oroimen Bulegoa, herritarrek informazioa eskatu edo eman dezaten. Bulegoa martxoko asteazkenetan egongo da irekita, udaletxeko batzar aretoan, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 ordutegian.
Ikerketan zehar momentu oro gordeko da pertsonen konfidentzialtasuna eta anonimotasuna.
Soraluzeko Alkate Iker Aldazabalek adierazi duenez "Ikerketa honek azaleratuko duen errealitateak etorkizun baketsu eta demokratikoa eraikitzeko balioko duela espero dugu, iragana begiratu eta aitortuz giza eskubideen errespetuan oinarritutako bidea egin dezagun elkarrekin".