Behera egin du bio-hondakinen bilketak

Behera egin du bio-hondakinen bilketak

2021/10/08
Materia organikoaren bilketa %4,8 jaitsi da udako hilabeteetan, 2020ko datuekin alderatuta. Aldi berean, birziklagarriak ez diren hondakinen errefusa zatikia %1,41 hazi da iazko udarekin alderatuta.

Udako hilabeteak ez dira onak izan Debabarrenan gaikako bilketari dagokionez. Normalean, uztailean eta abuztuan behera egiten dute bilketa-tasek, eta %51,69 eta %49,41ekoak izan dira, hurrenez hurren. Horrek esan nahi du urteko lehen zortzi hilabeteetako joera positiboak behera egin duela, hilabete horietan gaikako bilketaren ehunekoa %54,81ekoa baitzen.

Era berean, Mankomunitateak antzeman du bio-hondakinen zatikiaren bilketa murriztu egin dela. 2021eko uztailean, abuztuan eta irailean 1.028 tona bio-hondakin bildu dira; 2020ean, berriz, 1.080 tona, hau da, aurten %4,8 hondakin organiko gutxiago jaso dira. Mankomunitateak adierazi du joera hori kezkagarria izan daitekela denboran zehar mantentzen bada. Gogoratu behar da edukiontzi marroian utzi behar direla janari-hondakin guztiak, inausketa-hondakin txikiak, saltsekin zikindutako paperak, eta abar. Gainera, garrantzitsua da azpimarratzea hondakin organikoak poltsa konpostagarrietan jaso behar direla.

Errefusari dagokionez, 2020ko udako hiru hilabeteetan 3.410 tona hondakin ez-birziklagarri bildu ziren, eta 2021ean 3.458 tona jaso dira, hau da, %1,41 gehiago. Mankomunitateak egindako azterlan baten arabera, errefusaren edukiontzi grisean uzten diren hondakinen %60a baino gehiago material birziklagarriak dira; beraz, Mankomunitateak birziklatzeko ohiturak berreskuratzeko eskatu die herritarrei, uda aurretik datuek zuten bilakaera positiboarekin jarraitzeko eta Debabarrena eskualde jasangarriagoa eta ingurumenarekiko mesedegarriagoa izan dadin.

Datuen joera positiboa berreskuratzea

Mankomunitatearen helburu estrategikoa da 2030erako gaikako bilketaren %70era iristea. Gaur egun, eskualdea helburutik 15 puntura dago. Mankomunitateak lanean dihardu hondakin sortzaile ezberdinei gaikako bilketa errazteko eta gizarteratzeko eta hainbat kontzientziazio-kanpaina jarriko ditu martxan datozen hilabeteetan. Gainera, hondakinak jasotzeko zerbitzua berritzen ari da etengabe, esaterako, Garbiguneetan orain bereizita jasotzen dira lehen ezin ziren hondakin batzuk, hala nola plastiko gogor zein bigunak eta eraikuntzako eta eraispenetako hondakinak. Zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko asmotan, baita ere, lurpeko edukiontziak lurrazalekoekin ordezkatzeko apustua egin du Mankomunitateak.

Hori horrela, Mankomunitateak beste behin gogorarazi du herritar guztien inplikazioa funtsezkoa dela, eta Debabarrena osatzen duten pertsona orori eskatzen die sortzen ditugun hondakinak dagozkien edukiontzietara botatzeko.