Soraluzeko Udalak gogor gaitzetsi du Benidormen izandako erailketa matxista

Soraluzeko Udalak gogor gaitzetsi du Benidormen izandako erailketa matxista

2022/09/27
Biktima, Maria Luisa Larrañaga, Soraluzekoa zen eta Udalak babesa adierazi nahi die bere familia eta lagun guztiei asteazkenean elkarretaratzea eginez

Soraluzeko Udalak, gogor gaitzetsi nahi izan du Benidormen izandako Maria Luisa Larrañaga 68 urteko emakume soraluzetarraren erailketa matxista. Izan ere, bere bikotekideak hil egin zuen, garabi-kamioi baten aurka talka egin aurretik.

Soraluzeko Udalak gogorarazi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela erakusten, eta arazo horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen dela. Emakumeen aurka hainbat modutan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) erabiltzen den indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpenik larriena da, emakumeen botere-harremanen eta mendetasun-harremanen ondoriozkoa, eta emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriz ere euskal erakundeek eta gizarte osoak gure udalerrietan berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunaren parean jartzen gaitu. Ildo horretan, gure sentsibilizazio- eta prebentzio-ekintzak indartzen jarraitu behar dugu etorkizuna ordezkatzen dutenekin, gure herritar gazteenekin. Hau ez da emakumeen arazoa bakarrik, gizarte osoaren arazoa da. Gizon eta emakumeek elkarrekin egon behar dugu denok nahi dugun berdintasuna lortzeko borrokan.

Soraluzeko Udalak elkartasuna adierazi nahi die biktimaren senide eta lagunei, eta herritar guztiei dei egiten die bihar, irailaren 28an, asteazkena, 19:00etan, Plaza Barrian deitutako gaitzespen elkarretaratzean parte har dezaten.