Soraluzeko Pertsona Nagusien Kontseilua aurkeztuko da datorren eguenean, otsailak 6
Soraluzeko Udalak pertsona nagusien parte-hartzea eta ongizatea sustatzea helburu, Soraluzeko Pertsona Nagusien Kontseilua aurkeztuko du datorren otsailaren 6an, 18:00etan, Kalebarren 8ko lokalean. Ekitaldi honetan, herritarrek kontseilu berriaren ezaugarriak eta parte hartzeko aukerak ezagutu ahal izango dute.
Kontseiluaren helburu nagusia Soraluzen pertsona nagusien beharrak eta proposamenak entzun eta aintzat hartzea da. Horretarako, espazio parte-hartzaile eta inklusiboa sortuko da, non pertsona nagusiek beren ideiak eta kezkak partekatu ahal izango dituzten.
Aurkezpen ekitaldian honako hauek parte hartuko dute: Iker Uzin, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta Beatriz Santamaría eta Eider Etxebarria, Bizipozeko ordezkariak.
Kontseiluaren bidez, Soraluzeko Udalak herritarren ongizatearekiko duen konpromisoa berretsi nahi du, erakundeen arteko lankidetza eta herritarren parte-hartzea sustatuz. Urrats hauek emateko, Bizipoz kooperatibaren laguntza izango dute kontseiluaren bilerak dinamizatzeko. Bizipoz pertsona nagusientzako programak diseinatu eta garatzen dituen kooperatiba da, ongizatea eta zahartze aktiboa sustatuz.
Soraluzeko Udalak kontseilu honetan parte hartzera gonbidatzen ditu udalerriko pertsona nagusi guztiak, baita pertsona nagusiekin lan egiten duten elkarte eta eragileak ere. Soraluzeko Pertsona Nagusien Kontseilua talde anitza eta lankidetzarako gunea izango da, udalerriko pertsona nagusientzako etorkizun hobea eraikitzeko espazioa eskainiko duena.
Nola parte hartu Pertsona Nagusien Kontseiluan
Soraluzeko Udalaren helburua kontseilu berri hau herri mailan ezagutaraztea eta hainbat elkarte eta herritar independenteren ordezkariekin talde anitz berri bat osatzea da. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 7tik 16ra izena eman beharko dute Gizarte Zerbitzuetan. Izena eman duten pertsona guztiei bakarkako elkarrizketa egingo zaie, bakoitzaren espektatibak eta interesak ezagutzeko. Horretarako Bizipoz kooperatibak otsailaren 17tik 20ra bitartean, interesdunekin elkarrizketen data eta ordua adostuko ditu. Elkarrizketak, otsailaren 20an eta 27an egingo dira Udaletxeko Pleno Aretoan.
Behin taldea osatuta, bilera bat antolatuko da kontseiluaren hurrengo pausoak definitzeko. Kontseilua 2025eko martxotik aurrera hilero biltzea aurreikusten da, landutako helburuak betetzeko.
Kontseiluari buruzko informazio gehiago lortzeko eta ekimenetan parte hartzeko, interesatuak Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daitezke, 943 75 00 18 telefonoan edo gizartesarrera@soraluze.eus helbide elektronikoaren bidez.