Gozaldia: Umorezko bakarrizketak, familientzako ekintzak eta kantu-jira Euskararen Egunaren bueltan
Datorren martitzenean izango den Euskararen Nazioarteko Eguna girotze aldera, datozen egunetan, hainbat kultur ekitaldi egingo dira herrian, Gozaldia izenburupean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskarazko kultur emanaldiekin herria girotzearekin batera, gogorarazi nahi dute maiatzean Euskaraldia egingo dela. Bide batez, jakinarazi dute, dagoeneko Soraluzek eman duela izena eta osatua dagoela herrian berau dinamizatuko duen talde eragilea, Pil Pilean eta Udalak osatutakoa.
Bakarrizketa, tailerrak, kantu-jira...
Hasteko, bariku iluntzean, umorezko bakarrizketa saioa egingo dute Asier Galarza eta Jokin Ansotegi umoregileekin, Gaztetxean. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta antolatzaileek jakinarazi dute barra zabalik izateaz gain, berogailua ere piztuta izango dela.
Domekan, berriz, goizeko 11:00etatik aurrera, batez ere, ume eta gaztetxoei zuzendutako talo, txapa eta aurpegia margotzeko tailerrak eskainiko dituzte Plaza Zaharreko karpan. Gainera, eguerdiko 12:30etik aurrera, musika emanaldia izango da DJ Mikeltxirekin ume et, gazte zein helduen gozagarri.
Azkenik, martitzen eguerdian, 12:00etan, Plaentxia Kantuan taldea kalez kale aterako da kantura eta arratsaldean, 17:30ean hasita, Urrats dantza taldeko ume eta gaztetxoek dantza saioa eskainiko dute Mesedeetako Amaren Egoitzan.
Horrez gain, Gozaldiaren barruan beste hainbat ekimen ere egingo dituzte: herrian zehar dauden argindar kutxak margotuko dituzte Gaztelekukoek, euskal erreferenteen irudi eta esaldi garrantzitsuekin. Ekintza honetarako izen-emateak gaztelekuan egin beharko dira telefono honetara deituz edo idatziz: 688 74 02 89 (Miren).
Horrez gain, ospakizunak egingo dituzte eskolan, institutuan, Egoitzan eta Eguneko Zentroan.
Hainbat eragile elkarlanean
Gozaldiaren egitaraua herriko hainbat eragilek prestatu dute elkarlanean: Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea, Galtzagorriak jai batzordea, Soraluzeko Udala, Kukumixo aisialdi taldea, Gaztelekua, Atxolin guraso elkartea, Plaentxia Kantuan, Urrats dantza taldea, Mesedeetako Amaren Egoitza, Eguneko Zentroa, Soraluzeko Institutua eta Plaentxi Herri Eskola.