"Irakurketa erronka"ren lehen edizioa arrakastatsua izan da

"Irakurketa erronka"ren lehen edizioa arrakastatsua izan da

2024/06/10
Udal liburutegiak Plaentxi Eskolarekin elkarlanean antolatutako "Irakurketa erronka"ren lehen edizioa arrakastatsua izan da.

Irakurketa erronka gaztetxoenei zuzendutako ekimena izan da, Plaentxi Eskolako irakurketa-proiektuari babesa emanez, eta ikasleak irakurketan trebatzea, ulermena eta adierazpena hobetzea eta irakurzaletasuna zein literatur-zaletasuna sustatzea izan ditu xede.

Otsailetik ekainera bitarte hiru gairekin lotutako hainbat irakurgai proposatu zaizkie 6-12 bitarteko haurrei; abentura, familia eta oporrak izan dira aukeratutako gaiak. Gai bakoitzarekin lotutako liburu bana irakurtzean, zigilua jaso dute liburutegian; hiru irakurgaiak osatzean erronka bukatutzat ematen da. Joan den barixakua izan zen hirugarren eta azken irakurgaia bukatzeko azken eguna, eta gaurtik, astelehena, aurrera liburutegitik pasa daitezke parte-hartzaileak haien sarien bila.

Lehen edizio arrakastatsua

Lehen Hezkuntzako neska-mutilei zuzendutako ekimenean 108 umek hartu du parte, eta horietatik 71k amaitu du erronka; arrakasta handia, beraz. Gainera, liburutegia ezagutzen ez zuen zenbait gaztetxok joateko ohitura hartu du, eta hori, erronka amaitu ostean ere, irakurzaletasunari eusteko bermea da.

Udal liburutegiak parte-hartzaile guztiak zoriondu nahi ditu eta Irakurketa erronka amaitu arren, gaztetxoenak udako oporraldian ere irakurtzera animatu.

Udal liburutegiak ohiko ordutegia izango du beste bi astez, ekainaren 21a arte; ondoren, ekainaren 24tik uztailaren 24ra uda-sasoiko ordutegia izatera igaroko da.

Ohiko ordutegia:

Astelehenetik eguenera: 11:00 - 13:00 eta 16:30 - 19:30

Barixakuak: 11:00 - 13:00 eta 16:00 - 19:00

Uda-sasoiko ordutegia:

Astelehenetik barixakura: 10:00 - 13:00