Musika eskolak errotulazio berria du
Musika eskolako Zuzendaritza Batzordeak egindako eskaera kontutan izanda, Soraluzeko Udaleko Hezkuntzako departamentuak errotulazio berria ipini berri du musika eskola kokatzen den frontoi 1eko eraikinean. Iker Aldazabal alkateak adierazi duen bezala, “errotulazio berri honi esker, orain erraz identifikatu daiteke musika eskola non dagoen kokatuta, baita eraikin barruko solairu eta ikasgela desberdinak ere”.
Lan hauek Zaldibar Errotulazioak S.L enpresak burutu ditu eta Udalak 1.038,18 eurotako inbertsioa egin du.
Bestalde, azaroan, hiru ikasgela egokitu ziren. Horma zein sabaian panel akustikoak ipini ziren. Modu honetara desagertu egin da orain artean bertan zegoen oihartzuna, aipatutako panelek soinua xurgatu egiten baitute. Udalak 4.750 eurotako inbertsioa burutu du.
Musika eskolako ikasleentzat eta herriko taldeen entseguetarako
Egokitu diren geletako bat konbo edo musika-taldeen gela da, zeina eskolako ikasleez gain herriko musika taldeek ere erabili ahal izango duten, bertan beren entseguak burutzeko. “Lanek emandako emaitza ona ikusita, panelak eskolako gela gehiagotara zabaltzeko konpromisoa hartu du Udalak 2023 urtera begira”, gaineratu du Iker Aldazabal alkateak.