Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak hasi du bere ibilbidea
plaentxia.eus

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak hasi du bere ibilbidea

2024/04/12
Atzo, eguena, aurkeztu zen Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskola eta egitaraua zein izen-ematea martxan dira dagoeneko.

Bi urteko iblibidearen ostean, atzo, apirilak 11, eguenez, egin zen ahalduntze eskolaren aurkezpen ekitaldia Plaza Berrian. Eskolako talde eragilean eta Udaleko Berdintasun Batzordeak adierazi dutenez, Ahalduntze Eskola topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat da, ikastaro eta tailerren bidez emakumeen* ahalduntzea sustatzeko helburuarekin. Eskolak sareak eraikitzeko eta gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertzeko eta zalantzan jartzeko beharrezko tresnak eskaintzeko gunea izan nahi du, beharrezko aldaketak eraginez, jendarte justuagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa lortzeko.

Atzoko aurkezpen ekitaldian eskolaren sortze prozesua azaldu, egitarauaren berri eman eta izen-ematearen nondik norakoak azaldu zituzten talde eragileko zein Udaleko Berdintasun Batzordeko kideek. Jarraian, "Alarma Morea" talde feministak girotuta, jan-edanaz eta musika dantzagarriaz gozatu ahal izan zuten hurbildutako herritarrek.

Egitaraua eta izen-ematea, martxan

Hauexek dira Ahalduntze Eskolak apiriletik ekainera bitarte emakumeentzat* eskainiko dituen ikastaro eta tailerrak, laburrean:

  • Tailerra: "Emakumeon sormen akelarrea"
  • Zaintzari buruzko zikloa:
    • "Ez dadin bizitza eten" liburuaren aurkezpena
    • Kontuz zainketekin!
  • Tailerra: "Autodefentsa Feminista"
  • Soraluzeko emakumeon* arteko topaketa

Egitarau guztia eskuragarri hemen, ekintzen xehetasunekin: eguna, ordua, hizkuntza eta lekua. Ekintza guztiak doakoak izango dira.

Izen-ematea apirilaren 11tik 22ra bitarte dago zabalik; dena den, jarduera bakoitza hasi baino hiru egun lehenago amaituko da behin betiko izen-emate epea. Jarduera guztiek izango dute zaintza zerbitzua eta, beranduenez ere, ekintza baino hiru egun lehenago eskatu beharko da.

Izena emateko bi bide egongo dira:

Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.