Ibilgailu elektrikoen aldeko apustua

Ibilgailu elektrikoen aldeko apustua

2021/11/30
Debabarreneko Mankomunitateak bi furgoneta elektriko erosiko ditu zerbitzua modu jasangarriagoan eskaintzeko; bat kale garbiketarako erabiliko da, eta bestea tailerreko lanetarako.

Urte hasieran, Mankomunitateak ibilgailu-flota aztertu eta ikusi zuen erakundeak 62 ibilgailu dituela, urtero eskualdeko kaleetan eta errepideetan 950.362 kilometro egiten dituztenak, eta urtero berotegi-efektuko 1.000 tona gas isurtzen dituztela. Hori horrela, trantsizio energetikoari bidea irekitzeko eta Mankomunitatearen jardueran eta zerbitzuetan jasangarritasuna sustatzeko, 2021eko martxoan, Ibilgailuen Flotak sortzen dituen Gas Kutsagarriak Murrizteko Ekintza Plana onartu zuen. Planean lau ildo estrategiko eta 12 ekintza zehaztu ziren, NBEren Agenda 2030ean eta garapen jasangarriko 17 helburuetan oinarrituta, trantsizio energetikorantz urratsak egiteko.

Mugikortasun jasangarria sustatzeko eta ibilgailu-flotaren gasen emisioak murrizteko ildo estrategikoei jarraituz, joan den azaroaren 24an bi furgoneta elektriko erostea onartu zen.

Gas gehien isurtzen duten ibilgailuak 14 tona baino gehiagoko kamioiak dira, urtean 443 tona CO2 isurtzen dituztenak, ondoren 7,5 eta 14 tona arteko kamioi ertainak (204 tona CO2 isurtzen dituzte) eta furgoneta handiak, urtean 113 tona CO2 isurtzen dituztenak. Horregatik, emisio horiek murrizten hasteko, eta hondakin bilketa eta kale garbiketa zerbitzuetan trantsizio energetikoa sustazeko lehen urrats gisa, Mankomunitateak bi ibilgailu elektriko erostea onartu du.

Bi ibilgailu, bi funtzionalitate

Furgonetetako bat kaleak garbitzeko erabiliko da, eta ekipamendu hidrogarbitzaile propioa izango du. Goupil marka frantsesak sortutako ibilgailua da. 100 kw-ko potentzia nominala eta litio bateria dituen motor bat dauka, 14kwh edukiera eta 135 km-ko autonomia duena. Ibilgailu hau Elgoibarko Arrizabal enpresari erosiko zaio.

Tailerrerako furgonetari dagokionez, 100 kw-ko potentzia eta 196 kilometroko autonomia duen Citroen e-jumpy bat erosiko da, Eibarren dagoen Zaer Motor enpresan.

Bi ibilgailu elektrikoak martxoan onartutako Ibilgailuen Flotak sortzen dituen Gas Kutsagarriak Murrizteko Ekintza Planaren baitan erosi dira, eta 105.266 euroko inbertsioa egin da.