Plaentxi Herri Ikastetxeko irisgarritasuna hobetzeko proiektua

Plaentxi Herri Ikastetxeko irisgarritasuna hobetzeko proiektua

2023/03/09
Plaentxi Herri ikastetxeko segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko proiektuaren obra-baimena tramitatu du Soraluzeko Udalak; lanen aurrekontua 540.182,76 eurokoa da.

Gauza jakina da herriko haur eta lehen hezkuntzako haurrak artatzen dituen Plaentxi Herri ikastetxeak irisgarritasun arazoak dituela.

Hori horrela, ikastetxeko zuzendaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza departamentuarekin elkarlanean, eraikinaren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko proiektua bideratu du Soraluzeko Udalak.

Proiektuak aurreikusten dituen lan hauei esker, ikastetxeko sarreran igogailu panoramiko bat eraikiko da, ikastetxeko solairu desberdinei eta ikastetxearen atzealdean dagoen patioari irisgarritasuna emateko.

Behin obra-baimena tramitatuta, proiektua lizitaziora aterako da, lanak udaran egitea aurreikusten delarik.

Iker Aldazabal alkateak aipatu duen bezala  “Ikastetxeko zuzendaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako departamentuarekin elkarlanean eraikinari irisgarritasuna bermatzeko proiektua prest dago, epe motzean errealitate bilakatuko dena”. 

Lan hauek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza departamentuak finantziatuko ditu eta inbertsioaren zenbatekoa 540.182,76 eurokoa izango da.