Frontoiko udal etxebizitzen adjudikazioa

Frontoiko udal etxebizitzen adjudikazioa

2017/01/12
Frontoi kaleko 5. zenbakian dauden bost udal etxebizitzak alokairuan emateko oinarri berriak onartu zituen Udalak abenduaren 22ko Osoko Bilkuran.

Aurten Frontoi kaleko 5. zenbakiko etxebizitzetako alokairu-kontratuek 5 urteko gehienezko epea betetzen dutela kontutan izanda, etxebizitza hauen maizterrak onartzeko eta aukeratzeko oinarri berriak onartu zituen Udalak abenduaren 22ko Osoko Bilkuran.

Oinarriak onartu eta gero, hurrengo pausoa maizter berriak aukeratzeko prozesua bideratzeko deialdi publikoa egitea izango da. Deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, hedapen handieneko egunkarian, udaletxeko iragarki taulan eta Udalaren webgunean argitaratuko da, Gobernu Batzordeak horrela erabakitzen duenean.

Patricia Borinagak zuzentzen duen Osasunaren, Gizarte Ongizatearen eta Inmigrazioaren Batzordeak prestatu dituen oinarri berriek hainbat berrikuntza dituzte, duela bost urtekoekin alderatuz gero: izaera sozialagoa daukate, eta errazagoa eta argiagoa da izena emateko eta jasotako eskaerak baloratzeko prozesua.

Hauek dira berrikuntzetako batzuk:

  • Udalerrian erroldatuta egoteko baldintza 2 urtetik urte batera murrizten da.

  • Etxebizitzarik jabetzan ez izatearen baldintza 5 urtetik 2 urtera murrizten da. Genero indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeek ez dute betekizun hau bete beharrik izango, ez eta etxebizitza baten jabe diren banandutako edo dibortziatutako pertsonek, epaileak etxebizitza hori bikotekidearen familia-etxebizitza izendatu badu.

  • Alokairu kontratuaren gehienezko epea, luzapenak barne, 5 urtetik 6 urtera igarotzen da.

  • Urteko diru-sarrera haztatuak 3.000 € eta 25.000 € artekoak izan beharko dira. Diru sarreren haztapena egiterako garaian 3 faktore hartuko dira kontuan: Guztizko diru-sarrerak (elkarbizitza unitateko kide guztien urte osoko dirusarrera gordinak). Jasotzaileen kopurua (elkarbizitza unitateari diru ekarpenen bat egiten dioten pertsonak) eta bizikidetza-unitatearen kide kopurua. Ez dituzte gutxieneko sarrerak egiaztatu beharko genero indarkeriaren biktima direla frogatzen duten emakumeek.

  • Maizterrak ordaindu behar duen errenta kalkulatzeko bizikidetza unitatearen urteko diru-sarrera haztatuen portzentaia aldakorra eta progresiboa izango dira kontuan. Horrela, 3.000 euro eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenak, esaterako, %5 ordainduko dute eta 22.000 euro eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenak %15.

  • Udala izango da etxebizitza guztien hornidura-kontratuen titularra, era honetan ordainketak burutzen ez direnean honiketa-mozketak egotea ekidinez. Hilero, Udalak etxebitza bakoitzeko maizterrari ordaindu beharreko erreziboa igorriko dio, bertan jasoko direlarik hilabeteko alokairua, uraren, gasaren eta argiaren kontsumo-gastua, komunitateko gastua eta udal zaborraren tasa.

Eskaerak baloratzeko orduan erabiliko diren baremazio-irizpideak ondorengoak izango dira:

Diru-sarrerak: Gehienez 20 puntu emango zaizkie 3.000 euro eta 10.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak dituzten eskatzaileei, 10 puntu 10.001 eta 18.000 euro bitartekoak dituztenei, eta gutxienez 5 puntu 18.001 eta 25.000 euro bitartekoei.

Etxebizitza-premia berezia: 10 puntu emango zaizkio etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularraren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko kide direnei 10 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko, gehienez 30.

Berdinketa sortuko balitz, bizikidetza unitatearen kide kopuruaren arabera ebatziko da eta berdinketak jarraituko balu, bizikidetza unitate horren egiaztatutako diru-sarreren arabera.