Etorkinentzako euskara ikastaroa
Soraluzeko Udalak etorkinentzako harrera-ikastaro linguistiko berri bat antolatu du, euskara ikasten hasi nahi duten gurera etorritako pertsonentzat.
Ikastaroaren helburua etorkinek hemengo gizartea, ohiturak, etab. ezagutzea eta euskara ikasteko lehendabiziko urratsak ematea da.
Ikastaro honetan gizartea ezagutzeko aukera ematen duten hainbat gai motibagarri lantzen dira, hala nola, aurkezpenak, zenbakiak, familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola, azoka... Ariketetan gai horietako hiztegia eta oinarrizko ulermena (kaleko errotuluak, kartelak...) landuko dira, batez ere.
Ikastaroak 60 orduko iraupena dauka, 4 ordu astean. Otsailaren 15ean hasi eta ekainaren 9an amaituko da. Asteazken eta ostiraletan izango dira eskolak, 14:30etik 16:30era.
Ikastaroa doan da eta, Eusko Jaurlaritzak eta Soraluzeko Udalak finantzatzen dute.
Ikastaroa amaitzean berau egin izana ziurtatzen duen agiria jasoko dute ikasleek.
Izena eman nahi dutenek Udaleko Euskera edo Ongizate Zerbitzuetara jo behar dute edota 943-753043 zenbakira deitu otsailaren 10a baino lehenago.