Inbertsio berriak egin ditu Udalak Ezoziko futbol-zelaian
Iker Aldazabal alkatea eta Ramón Gallastegi, kiroletako arduraduna, Ezoziko futbol zelaian

Inbertsio berriak egin ditu Udalak Ezoziko futbol-zelaian

2023/01/05
Soraluzeko Udaleko kirol departamentuak 73.963,73 euro erabili zituen pasa den urtean futbol zelaiko instalazioak hobetzeko eta argi-kontsumoa murrizteko helburuarekin.

Soraluzeko Udaleko kirol departamentuak inbertsio desberdinak burutu zituen amaitu berri den urtean zehar Ezoziko futbol-zelaiko instalazioak zaharberritu eta hobetzeko.

Iker Aldazabal alkateak adierazi duen bezala ”futbol zelaia herriko kirolari askok erabiltzen dute eta udalak instalazioak txukun eta egoki mantentzeko apustu garbia egin du du, erabiltzaileei zerbitzurik egokiena emateko helburuarekin".

Egindako zaharberritze-lanak

Urtarriletik abendura bitartean egindako lanak ondorengoak izan dira:

  • Futbol zelaia mugatzen duen sarearen aldaketa: 7.039,38 €
  • Zelaiaren perimetroan barandilla berriaren instalazioa: 4.700,85 €
  • Kantinarako argi potentzia handitzea: 1.639,79 €
  • Futbol zelaiko sarrerako atearen konponketa: 1.397,55 €
  • Aldageletan berogailu berriak ipintzea: 822,8 €
  • Rugby taldearentzako metalezko armairu berria egokitzea: 641,3 €

Argiteria berria

Hurrengo asteetan, aldiz, argiteria-sistema aldatuko du Udalak, futbol-zelaiko energia kontsumoa murrizteko helburuarekin.

Gaur egun 4 argi-dorre daude, bakoitza 6 proiektorerekin eta proiektore bakoitzak 2000W/Ud kontsumitzen du. Egungo kontsumoa, beraz, 48.000W-koa da. Udalak argiteria instalazio berriarekin torre bakoitzean 600W/Ud 5 proiektore ezarriko ditu, horrela kontsumo osoa 12.000W izango delarik, 36.000W-ko aurrezkiarekin.

Lan hauek urte hasieran egingo ditu Laibi S.L elektrizitate enpresak, guztira 57.721,61€ ko inbertsioa gauzatuko delarik bertan.

Hori horrela, 73.963,73 eurokoa da Udalak 2022. urtean futbol-zelaiko instalazioak zaharberritzeko egindako inbertsioa.