Zaporeak elkarteak deitutako elikagai bilketarekin bat egin du Udalak
Lesboseko kanpamenduetako errefuxiatuei laguntza emateko antolatutako janari bilketarekin bat egin dute soraluzetarrek. Udalak ere bere ekarpena egin nahi izan du Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearentzako 530 kilo arroz luze eskainiz. Izan ere, GKEak adierazi duenez asko larritu da bertako egoera Gazako gatazkaren ondorioz, errefuxiatu palestinarrak ere bertara iristen hasi baitira.
Debabarreneko herri guztietan egingo da elikagai bilketa; Soraluzen, arratsaldero jardun dute elikagai dendetan zein Gaztetxe aurrean arroz luzea batzen. Plaentxi eskolako ikasleak ere deitu dituzte arroz luzea eramatera aste guztian zehar. Elikagaien bilketaz aparte, ekarpen ekonomikoa egiteko aukera ere badago; izan ere, batutako elikagaiak Greziara eraman ahal izateko finantziazioa ere behar baita.
Asteon jardun dute arratsaldero, 17:30etatik 19:30etara bitarte bilketa egiten, eta gaur ere bertan izango dira. Bihar arratsaldean izango da elikagaiak batzeko hurrengo hitzordua, arratsaldeko 17:30etatik 18:30etara, Gaztetxe aurrean.
Udalak soraluzetar guztiak animatu nahi ditu ekimenean beren aletxoa jartzera. Iker Uzin ongizate saileko zinegotziaren esanetan "garrantzitsua baita proiektuan parte hartu eta errefuxiatuei gure laguntza eskaintzea."