LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna
Soraluzeko Udalak ondorengo Adierazpen Instituzionala kaleratu du LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean:
"Elkarrekin: kontra eginez, lagunduz, elkar zainduz!"
Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna maiatzaren 17an ospatzen da, diskriminazioa eta onarpenik eza salatzeko, eta horren biktima dira gizarteak eta erlijioak ezarritako gustuekin bat ez datorren sexu-lehentasuna adierazten duten pertsonak.
Euskal gizartea, gehienbat, askotariko gizartea da, LGTBI pertsonen eskubideak errespetatzen dituena, eta sexu-orientazioagatiko, genero-identitateagatiko, genero-adierazpenagatiko edo sexu-ezaugarriengatiko diskriminazioen aurka borrokatzen da. Hala ere, beharrezkoa da eskubide eta askatasunen aldeko erabateko herritartasun baterantz aurrera egiten jarraitzea; izan ere, gaur egun, oraindik ere oztopo ugari daude, legezko berdintasuna berdintasun erreal eta eraginkor bihurtzea eragozten dutenak. Hori guztia, gainera, LGTBI pertsonen eskubideen babesa zalantzan jartzen ari denean eta atzera egite bat nabaritzen ari denean, eta eskuin muturrak sustatutako "gorrotoaren diskurtsoaren" aurrerapen oso kezkagarria gertatzen ari denean.
Arrazaren, erlijioaren, sexu-orientazioaren edo gizarte-izaeraren ondoriozko diskriminazioa gai-zerrendan dituen gizarte batean bizi gara. Gizarte honetan, urteak eta aurrerapenak gorabehera, oraindik ere pertsona batzuek beren hurkoak epaitzen eta kondenatzen dituzte pentsamendu- eta jokabide-arau gisa tradizionalki ezarri izan denarekin bat ez etortzeagatik, berau ez sentitzeagatik eta horrela ez jokatzeagatik. Hori dela eta, gero eta ahots gehiago altxatu behar dira, horrela gerta ez dadin. Ahots gehiagok oihukatzen dute gizakiok aske jaiotzen garela eta, beraz, eskubide berberak izan behar ditugula. Intolerantziari eta gorrotoari ezetz esaten dioten ahots gehiago.
COVID-19aren agerpenak azkartu baino ez du egin eskubide horien gozamenaren narriadura. LGTBI pertsona askok pairatzen dituzten zaurgarritasun-egoera ugari modu kezkagarrian azaleratu dira, eta agerian utzi dituzte gure gizarteek pertsona horiek eta, bereziki, diskriminazio anizkoitz eta intersekzionalaren ondorioak intentsitate handiagoz jasaten dituzten pertsonak modu eraginkorrean eta berdintasunez onartzeko oraindik dituzten zailtasunak, hala nola, trans emakumeek lan-merkatuan sartzeko dituzten oztopoak, zeintzuen ondorioz pertsona hauek sexu esplotazioaren eta trataren biktima bihurtzen dituzten eta marginalitatera kondenatzen, oinarrizko zerbitzuetara sarbidea ezinezko eginez.
Erakunde publikoek, bakoitzak gure eskumenen esparruan, politika erabakigarriak bultzatu eta ezarri behar ditugu, giza eskubideen nazioarteko estandarrak errespetatuz LGTBI pertsonen benetako berdintasun eraginkorra eta diskriminazio mota ororen aurkako borroka sustatzeko. Beharrezkoa da herritar guztiak kontzientziatzea eta sexu-, genero- eta familia-aniztasunari balioa ematea, gizarte inklusiboak, berdintasunezkoak, solidarioak eta toleranteak ere indartsuagoak eta erresilienteagoak direla sinetsita. Gizarte-kohesioa lortzeko, ezinbestekoa da aniztasunaren kulturaren aldeko apustua egitea eta gorrotoaren eta aurreiritziaren aurrean ez diskriminatzea.
Aurreko guztiagatik, Soraluzeko Udalak konpromiso irmoa du LGTBI pertsonen eskubideen defentsan, eta konpromisoa hartzen du gaur egun LGTBI pertsonek jasaten dituzten diskriminazioak, erasoak eta indarkeria-ekintzak desagerrarazteko lanean jarraitzeko.
Azkenik, Udal honek Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta maiatzaren 17an, astelehenean, 19:00etan Plaza Berrian egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten die herritarrei.