“Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1” dokumentalaren emanaldia eguaztenean, maiatzaren 15ean

“Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1” dokumentalaren emanaldia eguaztenean, maiatzaren 15ean

2024/05/13
Eguaztenean, maiatzak 15, arratsaldeko 19:00ean “Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1” dokumentala emango da Herri Antzokian, Mikel Santiago frantziskotar fraide soraluzetarrarekin.

Arantzazuko ondarea sustatzea eta ezagutaraztea da Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1 (Euskal Herria, 2023) Pello Sarasuak zuzendutako dokumentalaren helburua. Joan den azaroan egin zuten aurkezpen instituzionala, eta, geroztik, Durangoko Azokan eta Bilboko Zinebi jaialdian eskaini dute, besteak beste. Orain, Euskal Herriko zinema areto batzuetan ere ikusgai izango da, tartean Soraluzen.

Fraide frantziskotarrek 500 urtetik gora daramatzate Arantzazun, Andra Mariaren irudia aurkitu zenetik. Beraien motibazio erlijiosotik, ondare immaterial baliotsua eman diote herriari, frantziskotarrentzat Anaidia, komentua ez ezik, gizartea ere badelako, Euskal Herria, mundua.

Horregatik ari dira herrigintzan, modu etengabean, berrikuntza sustatuz, ausardiaz. Arantzazuko frantziskotarrekin lotzen ez baditugu ere, gaur egun oso gureak eta barneratuak ditugun hainbat altxor eman dizkigute. Horiek ezagutzera ematea beharrezkoa da, gure historiaren eta izanaren parte baitira. Arantzazu ez litzateke gaur dena izango herririk gabe eta herria ere bestelakoa litzateke Arantzazu gabe.

Eguaztenean, Herri Antzokian hitzordua

Soraluzek eguaztenean hartuko du Herri Antzokian dokumentala, arratsaldeko 19:00ean, eta bertan izango da Mikel Santiago frantziskotar fraide soraluzetarra.

Sarrera librea izango da.

Iraupena: 70 minutu

Zuzendaritza eta gidoia: Pello Sarasua

Trailerra: