Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko azken saioa Soraluzen jokatuko da domekan
GipuzkoaBertsotan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko azken saioa Soraluzen jokatuko da domekan

2024/05/29
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko azken saioa Soraluzen jokatuko da domekan; Eneko Beretxinaga soraluzetarrak etxean kantatuko du.

Euskaltzaindiak antolatuta lehenengo, eta Bertsozale Elkartearen eskutik 1991z geroztik, mende erditik gorako ibilbidea dauka Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Orain arte, lau urtetik behin jokatu izan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, hain zuzen, Txapelketa Nagusia ez dagoen lau urtekoaren erdian egokituz. Izan ere, Gipuzkoako txapelketan jokatzen dute bertsolariek Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako sailkapena. Aurten izango da lau urteko ziklo horren salbuespena, azken Gipuzkoako Bertsolari Txapelketatik bost urte pasatu baitira, Covid-19ak sorturiko pandemiaren ondorioz Euskal Herriko Txapelketa Nagusia urtebeteko atzerapenez ospatu baitzen 2022. urtean.

Sailkapen faseko azken saioa domekan

Udaberrian txapelketarako sailkapen fasea jokatzen ari da, Gipuzkoa Bertsotan 24, Gipuzkoa guztian zehar. Apirilaren amaieran hasi eta ekainaren hasierara bitarte irauten duen fase honek, asteburu honetan izango du amaiera, Soraluzen jokatuko den azken saioarekin, hain zuzen ere. 74 bertsolarik hartu dute parte ekimenean, eta horietatik 34 sailkatuko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako.

Ondorengo bertsolariek abestuko dute domekan:

  • Eneko Araiztegi Agirre
  • Eneko Beretxinaga Laskurain
  • Izarne Zelaia Arratibel
  • Iñigo Gorostarzu Etxebeste
  • Libe Goenaga Arrieta
  • Peru Aiartza Cajaraville

Gai-jartzaile lanetan, ostera, Haritz Alberdi Alberdi arituko da. 

Eguna: ekainak 2, domeka

Ordua: 17:00

Tokia: Herri Antzokia

Eneko Beretxinagak etxean kantatuko du

Domekako saioa berezia izango da, zinez; izan ere, sailkapen faseko azken saioa izateaz gain, Eneko Beretxinaga soraluzetarrak etxean, gertukoenen babesaz, kantatzeko aukera izango du. Soraluzetarrok, beraz, aukera izango dugu Gipuzkoa Bertsotan bezalako Euskal Herri mailako kultur ekitaldi garrantzitsu batez herrian bertan gozatu eta Eneko Beretxinagari babesa erakusteko.

Sarrerak online salgai

Sarrerak internet bidez eskura daitezke ondorengo webgunean: bertsosarrerak.

Aurrez guztiak salduko ez balira, egunean bertan, txarteldegian erosteko aukera egongo litzateke.

Aretoko ateak saio hasi baino orduerdi lehenago irekiko dira. Sarrerak ez dira zenbakituak.